Zuzendaria: David Pinillos. Gidoigileak: David Pinillos,Juan Carlos Rubio, Paco Cabezas. Ekoizlea: Pedro Uriol. Aktoreak: Unax Ugalde, Nora Tschirner, Guilio Berriti, Herbert Knaup. Herrialdea: Espainia, Alemania, Suitza. Urtea: 2010. Iraupena: 90 minutu.
Gontzal Agote
Iparrorratz guztiak aldi berean hondatzen direnean, hamaika dira begien aurrean irekitzen diren bideak, denak tentagarri, denak ezezagun. Denak hartu nahi baina ezin, bakarra aukeratu behar, gainerakoak bazterrean utzita. Ez da behin betiko erabakia, beti da atzera-aurrera ibiltzeko aukera, duda-mudatan edo probak egin nahian. Inguru-minguruka ibiltzea da beste posibilitatea, batere hartu nahi izan gabe, bidegurutzea betirako luzatu nahian.
Bizitzan bada garai bat non ia dena den posible. Bai, beti da ia dena posible, baina garai horretan, normalean adin jakin zehaztugabe batekin lotuta dena, ia den hori posibleagoa da. Gizarteratze prozesuak bultzatuta, darwinismoaren makinariak hartaratuta, erabakiak hartu behar dira, eta nondik hasi jakin ez, «heldutasun sozialera» heltzeko aparteko gogorik gabe.
Bi naufrago gazte
Laino horretan -askotan kanpoko gai psikodelikoek areagotzen duten lainoa-ia dena da posible: zein hiritan bizi, norekin oheratu, zein lanetan aritu, adiskideak ezpainetan musukatu, autoa hartu eta Europako beste muturrera ailegatu... Azkar bizi beharrekoa, normalean gutxi irauten duelako. Hortik aurrera, horren oroitzapen gozoa besterik ez da geldituko.
Etapa hori guztia ederki jaso du David Pinillosek bere lehen film luzean. Momentu eta leku jakin batean elkar ezagutzen duten bi naufrago gazteren istorioa da, oso garaikidea, oso europarra. Mendebaldeko Europako gune neutral batean, Zurich hotz eta zibilizatuan, ataka konplikatu baina interesgarria biziko dute Danielek eta Hannak. Bide propioa bilatu, nora eramanen dituen jakin gabe, edo eskura jarri dieten «aukera» itsu-itsuan hartu, ohiko ibilbide ezagunari hasiera emanez.
Atmosfera hori da, dudarik gabe, Bon appétit-ek duen alderdirik interesgarriena. Pena da narrazioak gorabehera dezente izatea eta hainbatetan, bereziki sukalde kontuetan, zenbait eremu topiko urratzea. Horrez gain, protagonistek Bilbora eginen duten bidaiak haustura ekarriko du Suitzan lortutako girotze malenkoniatsuan. Euskal dirua tartean dagoenez, adabaki itxura du txango horrek.
Nolanahi ere, Bon appétit-ek galdutako edo egiteke dauden aspaldiko ametsen inguruan hausnartzeko balio beharko luke. Ez baita adin kontua; inoiz ez da berandu alde batera utzitako bide ezinezkoari heltzeko.
Suitzako sukalde kontuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu