Gastronomia

Sukaldaritzaren munduko hiriburu bilakatuko da Donostia

San Sebastian Gastronomika gastronomia biltzarra egingo dute igandetik asteazkenera; Frantziako sukaldaritza omenduko dute

Ilargi Agirre.
2012ko urriaren 5a
14:13
Entzun

Munduko sukaldari onenen bilgune izango da Donostia datozen egunetan. San Sebastian Gastronomika biltzarra antolatu dute igandetik asteazkenera. Ohi baino lehenago egingo dute, azarotik urrira aurreratuta, eta Frantziako sukaldaritza omenduko dute. Herrialdeko puntako sukaldariak etorriko dira. Sukaldaritza berriaren aitak; Alain Senderens eta Jacques Maximin, gaur egungo mitoak; Pierre Gagnaire eta Michel Bras edota Iñaki Azpitarte, besteak beste. "Orain arte inork egin ez duena lortu dugu. Frantziako sukaldaritza handia ekarri dugu; mito bat", azaldu du Roser Torres SS Gastronomikaren zuzendariak. 

Juan Mari Arzak sukaldariaren arabera, frantziar sukaldaritza da sukaldaritzaren ama. "Ia mundu osoari sukaldean erakutsi dio herrialdeak". Karlos Argiñanok kontatu du gaztea zela dirua aurrezten zuela Parisera, Michelin izarrak zituzten jatetxeetara, jatera joateko. Gastronomia kontzeptu eta eta adiera gisa Frantzian jaio zela esan du Andoni Adurizek. "Sukaldaritza eskuz egiten den artea izan da euren kulturan betidanik". Hilario Arbelaitzek sukaldaritza tradizionalaren garrantzia gogoratu du. Euskal sukaldaritza goi-mailako sukaldaritza ez ezik, elkarte gastronomikoak, sagardotegiak eta pintxoak ere badirelako.  "Eta Frantzian ere aniztasun hori ematen da".     

Hitzaldiak, dastatzeak, eta lehiaketak izango dira. Espainiako sommelier onenaren txapelketa, parrillariarena... Aurtengo berrikuntzetako bat bost pertsonentzat bakarrik zuzendatutako sukaldaritza klaseak dira. Baita bi sukaldariren artean emango dituzten hitzaldiak ere. Batek janaria prestatzen duen bitartean besteak galderak egingo dizkio, eta alderantziz. Donostiako gazta dema txapelketan Espainiako eta Frantziako hamabi gazta onenak lehiatuko dira. 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.