Zinema. Estreinaldiak

Superheroi mitologikoa

Kenneth Branaghek zuzendu du 'Thor', beti oso gustuko izan duen komiki sailean oinarritutako filma, Marvel etxearentzatLehen aldiz egin du lan, zuzendari gisa, aurrekontu handiz eta efektu bereziekin

Chris Hemsworth aktorea, Thorren rolean, Kenneth Branaghek zuzendutako filmean. PHOTO CREDIT: ZADE ROSENTHAL / BESTEAK.
Gontzal Agote.
2011ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Stan Lee gidoilariaren irudimenetik sortu dira Marvel etxeko superheroirik ezagunenak. The Fantastic Four, Iron Man, Hulk, Spiderman, Daredevil eta X-Men dira horietako batzuk, gehien-gehienak Jack Kirby marrazkilariarekin elkarlanean eginak. Horiek zinemarako bertsioak ezagutu dituzte; gehienek, azken urte hauetan, Marvel etxeak komikitik pantaila handira salto egitea erabaki zuenean.

Leek eta Kirbyk Norvegiako mitologia aberatsean oinarrituta zegoen beste pertsonaia bat asmatu zuten 1962an: Thor. Journey into Mistery aldizkarian ezagutarazi zuten superheroi berria. Handik gutxira, superheroirik boteretsuenen taldean sartu zen pertsonaia sortu berria: The Avengers. Thorrekin batera, taldean Hulk, Iron Man, Ant Man eta Wasp zeuden, besteak beste.

Marvelekin bizitza luzea izan du Thorrek, hainbat gorabehera izan dituen arren. Esate baterako, 2006an munduaren akaberako batailan hil zen, Asgard planeta osoa desagertu baitzen. Baina klon baten gisara berpiztu zuten, eta, gaur egun, komikia argitaratzen segitzen dute. Hori bai, Lee eta Kirbyren ordez, J. Michael Straczynski gidoilaria eta Olivier Coipiel dira orain saileko arduradunak.

Komikiaz gain, Thor hainbatetan agertu izan da telebista sailetan, baina normalean, gonbidatu gisa, Marveleko beste superheroi batzuetako emanaldietan. Dena den, Iron Man 2 filmean iragarpen bat zegoen. Azken kredituak amaituta, Coulson agenteak mailu bat aurkitu zuen basamortuaren erdian. Mailu horren jabea, jakina, Thor da.

Kutsu literarioa

Thorren eta Asgarden mundua film batera eramatea Marveleko aspaldiko asmoa zen, eta azkenean gauzatu ahal izan dute. Proiektua esku batetik bestera ibili zen luzaz, eta, zuzendariaren izena jakinarazi zutenean, sorpresa nahiko handia izan zen, Kenneth Branagh.

Zinemagile irlandarrarentzat, lehen esperientzia da horrelako film batean: aurrekontu handikoa, efektu bereziz josia eta estudio boteretsu baten agindu zorrotzen menpe. Gehienbat Shakespeareren lanen gainean egin dituen moldaketengatik da ezagun zuzendaria: Henry V, Much Ado about Nothing, Hamlet edo Love's Labour's Lost dira egokitzapen horietako batzuk.

Horrez gain, Peter's Friend arrakasta handikoa egin zuen, baita horren harrera ona izan ez duten beste film batzuk ere: Mary Shelley's Frankenstein edota The Magic Flute. Zinemarako egin duen azken lana, Joseph L. Mankiewiczen Sleuth ezagunaren remake bat izan da.

Aktore lanetan ere ezaguna da Branagh. Izan duen azken rol garrantzitsua Kurt Wallander polizia inspektorearena izan da, BBCk egin duen Wallander izeneko telesailean.

Nonbait, Branagh Thorren abenturen jarraitzaile porrokatua zen gaztetan, ahal zituen komiki guztiak erosten zituen. Hortaz, ongi ezagutzen du pertsonaia, eta Marvelen filmari kutsu literarioa emanen zion zuzendari prestigiodun bat nahi zuten. Horrela sartu zen zuzendaria proiektuan.

Protagonistaren aukeraketarekin ere gorabehera franko izan ziren. Zurrumurruen arabera, Daniel Craigek jokatu behar zuen Thorren rola, baina azkenean aktoreak berak ezeztatu behar izan zuen hori. Norbait gazteago eta ezezagunago baten bila ari omen ziren; azkenean, Chris Hemsworthek eskuratu zuen rol gutiziatua.

Haren ondoan, aski aurpegi ezagunak agertzen dira. Natalie Portman, Jane Foster ikerlariarena egiten; Stellan Skargard, Andrews irakaslearena egiten; eta Anthony Hopkins beteranoa, bigarren milako rol batean, Odinena egiten.

Hiru mundu diferente sortu behar izan ditu filmak. Horretarako efektu berezien ikusgarritasunera jo dute. Azkenaldi honetan aurrekontu handiko ekoizpenetan ohikoa denez, filma hiru dimentsiotan ikusteko aukera izanen da.

'THOR'

Zuzendaria: Kenneth Branagh.

Aktoreak: Chris Hemsworth, Natalie Portman, Anthony Hopkins, Idris Elba, Colm Feore, Stellan Skarsgard, Rene Russo, Ray Stevenson.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2011.

Iraupena: 130 minutu.

Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian. Hego Euskal Herrian, ostiralean estreinatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.