Literatura politikoaren inguruko eztabaidatik super-heroien komikiaren alorrera egin zuen aurrekoan jauzi Lander Garrok, Superman klasikoaren figura ardatz hartuta. Nahiz eta ni, aitor dezadan astirik galdu gabe, gehiago naizen Spider-manena, Supermanena baino: Krypton-eko erbesteratu hura urrunegia, perfektuegia iruditu zait beti. Izan ere, ez da planeta honetakoa ere! Eta bere alter egoa, Clark Kent herabea, horixe besterik ez da: bere benetako izaera —Superman— ezkutatzeko erabiltzen duen mozorroa. Zaila da horrelako norbaitekin identifikatzea, egun.
Superman produktu historiko bat delako, azken batean. Depresio Handiaren garaian sortu zen Estatu Batuetan, 1938an, eta gainbehera ekonomiko gorriaren aurrean babesgabe sentitzen ziren askok, antza denez, aise konektatu zuten benetan zaurtezina zirudien izaki bakarrarekin, krimenaren aurka gupidagabe borrokatzen zena gainera. Bestalde, ez dezagun ahaztu, jatorrizko Supermanaren sortzaileak, Jerry Siegel gidoilaria eta Joe Schuster marrazkilaria, bi gazte judu ziren, Amerika WASP haren bereizkeria ondo ezagutzen zutenak, eta etorkin baten garaipena (izarretako etorkin batena, alegia) irudikatu nahi izan zutenak, etorkinak baztertzen zituen etorkinen herrialde batean.
Stan Lee eta Steve Ditkoren Spider-mana, ordea, kapitalismoaren urrezko aroko hazkunde ekonomikoaren eta gerra hotzaren semea zen —nire belaunaldikook bezala alegia—. Eta, narratiboki, pauso bat haratago joan zen —komiki biek nerabeentzako produktuak izaten jarraitu zuten arren, beti ere—: Peter Parker zen benetako pertsonaia, menturaz super-botereak lortu —armiarma erradiaktibo baten ziztadaz— eta heroi bilakatzen zena, bere gogoaren kontra baina. Spider-man da Peter Parkerren mozorroa, eta baita bere arazoen iturri nagusia ere, gustuko baitu heroiarena egitea, noski, baina horrek, aldi berean, bizitza normal bat eramatea eragozten dio, tamalez. Superman heroi zoriontsu bat da; Spider-man, ordea, morroi depresibo bat.
Hori izan zen Marvel komiki etxeak super-heroien munduari egin zion ekarpena, DC enpresaren proposamenak —Superman eta Batman klasikoen jabeenak— osoro gaindituz 1960ko hamarraldian zehar: benetako arazoak, hots, arazo arruntak zituen super-heroia asmatu zuten, eta, horrekin oso lotuta, bere alter egoarekin harreman gatazkatsua zeukana; ongiaren eta gaizkiaren arteko muga DCkoen heroiena baino dezente lausoagoa zen, nahiz eta, azkenean, ongia egiten amaitzen zuten beti. Marvel komikiek, 1980ko hamarraldira arte ia, «Revista para adultos» legenda absurdua eraman zuten Espainia tardofrankistako edizioetan; Supermanek, sekula ez.
Hortik super-heroiaren irudiaren biluzte osora urrats bat besterik ez zegoen. Eta komikiak eman, eman zuen, Garrok aipatzen zuen nobela hipotetiko horretara jo gabe gainera, hots, bere inguru naturalean, komikian bertan —nire zalantzak ditut ea super-heroien munduak ondo funtziona dezakeen testu hutsez, hots, irudizko oinarririk gabe: ukabil-dantzaren dinamismoa eta giharren tentsioa kolore erridikuluetako elastikoen azpian, besteak beste, generoaren bere-berezko ikurrak dira—. Edonola ere, zer da Alan Moore eta Dave Gibbonsen Watchmen erraldoia super-heroien munduaren gaineko begirada ziniko —baina aldi berean malenkoniatsu— bat baizik? Zer Peter Milligan eta Mike Allreden X-Statix, famaren, sare sozialen eta autopromozio ustelenaren munduan murgildutako super-heroien talde baten erretratu errealegi bat baizik? Zer, hurbilago etortzearren, Patxi Gallegoren Xabinaitor saila, super-heroiaren desmitifikazio saio bernakuloa eta parodikoa baizik?Hau da, super-heroiaren mitoak ez du literaturaren ahalmen hiltzaileen premiarik izan, komikia bera nahikoa eta sobera izan delako bere mitoei buelta emateko. Komikia, funtsean, literaturaren adar bat delako, edo hori uste dut behintzat —eta nehork ez dit kontrakoaz konbentzituko: ez behintzat bertsolaritza literaturaren atal bat dela defenditzen den bitartean, kantuarena edo kirolarena izan ordez…—.
Hirudia
Superman vs Spider-man
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu