Literatura

Surflari nanoa

Kathy Kohner emakumezko lehen surflaria izan zen, eta haren kasuan oinarrituta idatzi zuen Freidrich Kohner haren aitak 'Gidget' eleberri laburra. Belaunaldi batentzat ikono bihurtu zen; batik bat, izen bereko filma estreinatu zenean, 1959an.

(ID_13404300) (/EZEZAGUNA) gidgetfilma
'Gidget' nobelan oinarritutako izen bereko filmeko irudi bat; 1959an zuzendu zuen lana Paul Wendkosek.
2023ko abenduaren 10a
05:05
Entzun

Nazismoaren aurretik Alemaniako zinemagintzan aritutako hainbat langileren gisara, austriar jatorriko Friedrich Kohner gidoilari juduak AEBetarako bidea hartu zuen 1936an, Hollywoodeko zinema industrian ziharduen Paul anaiaren deia jaso ostean, eta, besteak beste, Billy Wilder eta Robert Siodmak zinemagileekin lan egin ondotik. Ordurako, Alderdi Nazional Sozialistaren itzala Weimarko Errepublikan zabaltzen ari zen. Horiek horrela, Atlantikoa zeharkatzea erabaki zuen, Fritzi emaztearekin eta Ruth alabarekin. Gidoilari lanean hasi zen Friedrich, Columbia estudioetan, ezkutuan, haren lanak beste batzuek sinatzen baitzituzten. Haatik, germaniarrak Oscar sarietarako hautagaitza lortu zuen 1938an, Mad About Music musikalean egindako lanaren ondorioz, bai eta kredituetan agertzea lortu ere, Frederick Kohner izenarekin.

Kohnerrek, baina, 1941ean AEBetan jaiotako bere bigarren alaba Kathiry buruz idatzitako Gidget eleberri labur, burbuilatsu eta nerabeari esker lortu zuen bere izena hedatzea lurralde berrian, 1957an. Batez ere, surfean aritzen ziren eta laster arituko ziren nerabeen artean zabaldu zen testua, Kathy emakumezko lehen surflaria izan baitzen. Malibuko olatuetan ibiltzen ziren eta hondartzan bizi ziren mutil surflariek —hondartzako bisitariek beach bums (hondartzako arloteak) izena jarri zieten, destainez— Gidget goitizena jarri zioten Kathyri: Girl (neska) eta midget (nano) hitzen arteko konbinaziotik sortu zenezizena, mutil olatuzaleen iritziz txikiegia baitzen Kathy surfean aritzeko.

'Gidget'-en lehen edizioaren azala.
'Gidget'-en lehen edizioaren azala.

Liburuaren arrakastaren ondorioz, Gidget pop izar bihurtu zen, belaunaldi baten heroi, eta haren dirdira zinema aretoetara ere iritsi zen, Paul Wendkos zinemagileak nobelaren izen bereko filma estreinatu zuenean, 1959an. Pelikulak ere sekulako sona izan zuen, eta, 1960ko urteetan Frankie Avalon aktore eta abeslariak antzeztutako hondartzako film ospetsu eta dibertigarrien aitzindaritzat jotzen da.

Fikzio kresaltsua

Kathy Kohner emakumezko surflari gaztearen fikziozko kontakizuna jasotzen du liburuak, benetako istorio baten inguruan oinarrituta egon arren. 15 urte zituela, 1950eko hamarkadaren erdialdean, Kathy familiarekin joaten zen hondartzara, baina gurasoekin denbora gehiegi pasatzen duen nerabe guztien gisara, egunak asperduraz ematen zituen Kathyk harearen gainean, olatu artetik mutil surflari batzuk ikusi zituen arte. Orduan jakin zuen surfean ikasi behar zuela. Horretarako, 30 dolarreko taula bat erosi zion gerora shaper ospetsu bilakatuko zen Mike Doyle-ri. Mutilengana jo zuen Kathyk, lotsagabe, eta haien arteko kode maskulinoak gainditu ondoren, gizonezko taldeak onartu egin zuen.

Egiazko gertakizun hori abiapuntu hartuta, Kathyren aita Frederick Kohnerrek surf literaturari buruzko klasiko bat idatzi zuen, zeinetan emakumeek giro eta diziplina maskulinoetan sartzeko zituzten arazoak azaltzen zituen. Guraso eta nerabeen arteko tentsioak ere azaleratu zituen gidoilariak, nobelako protagonistaren eta gurasoen arteko ika-mikak etengabeak baitira, surfean soilik aritzen diren alferrontzien ospe txarra garaiko erdi mailako familien etxe babestuetara ere iritsi baitzen, surflarien artean askotariko jatorria zuten mutilak egon arren: milioidunen seme-alabak, unibertsitateko ikasleak eta langile klaseko seme-alabak biltzen ziren itsasbazterrean eraikitako etxolan. Kathyk hiru uda igaro zituen gizonezko suflariez osatutako kuadrilla baldarrarekin.

Bere garaiko hizkeraz, kultur erreferentziez eta umore ausartaz oparo zipriztindutako eleberria da 'Gidget', zeinak bere iruditeria kultural propioa sortu duen.

2001ean lortu zituen liburuaren eskubideak Kathy Kohnnerrek, eta urte horretako liburuaren edizioaren aitzinsolasa ere idatzi zuen: «Nire esperientzia pertsonalean oinarrituta dagoen arren, Gidget fikziozko lana da. Istorio zoragarria da; nire moduko nerabe baten istorioa, surfeko kirol zoragarria eta konstantziaren artea bere kabuz ikasten dituena, eta benetan gustatzen zaion zerbait egiten duena, nahiz eta garai hartan oso neska gutxi aritzen ziren surfean».

Bere garaiko hizkeraz, kultur erreferentziez eta umore ausartaz oparo zipriztindutako eleberria da Gidget, zeinak bere iruditeria kultural propioa eta herrikoia sortu duen, urteek aurrera egin ahala. Haatik, gai sakonak jorratzen ditu, hala nola sexua, maitasuna eta askatasuna, nahiz eta Kohnnerren ikuspegia nahikoa murritza izan gai horiei dagokienez. Emakumearen askapenaren alde agertzen da, baina gizarte konbentzionalak ezarritako mugen barruan. Hala, oso esanguratsua da nobelaren amaiera, non bi surflari Gidgeten maitasuna lortzeko borrokan ari diren, haietariko batek uste baitu bestea neska surflariarekin oheratu dela, gaua etxolan igaro baitute elkarrekin. Gidgetek norgehiagoka horren aurrean, surfa aukeratuko du, eta olatuetan barrena murgilduko da, ez batarekin ez bestearekin oheratu gabe. Ondorioz, Kohnnerrek alabaren errebeldia onartzen du, surfean aske ibiltzea lortzen baitu, baina badaezpada sexutik urrun.

Azpigeneroaren hazia

Liburuaren olatua AEBetako lurralde osora zabaldu zen, baina nobelak nerabeen artean eragindako tsunamia areagotu egin zen eleberrian oinarritutako filma estreinatu zenean, 1959an. Paul Wendkos zinemagileak filmatutako lanak ekarri zuen uhina hain izan zen handia, ezen surflari kopuruak nabarmen egin baitzuen gora: filma estreinatu aurretik, milaka ziren surfean aritzen ziren zaleak, baina behin filma zinema aretoetara iritsi eta gero, hain justu, 1963an, bi milioi surflari inguru azaleratu ziren.

1960ko hamarkadan American International Pictures-ek hedatu zuen Beach Party Films (Hondartzako Festetako Filmak) azpigeneroaren aitzindaritzat jotzen da Gidget. Filmaren kontakizuna liburuaren berdina da; hots, neskato nerabeak hondartzan surfa eta maitasuna deskubrituko ditu. Premisa sinple horretatik abiatuta, ikusleek Francieren (Sandra Dee) eta Moondoggie surflariaren (James Darren) arteko amodioaren berri izango dute.

Surfa maitasun-harreman horren metafora bihurtuko da, eta trama inolako sorpresarik gabe garatzen da, familiarteko giro atseginean. Sasoiko nerabeei zuzendutako film errazen konbentzio guztiak betetzen ditu, eta kontakizunaren osagai guztiak azkar lotu eta askatzen dira. Horiek horrela, film dibertigarria eta entretenigarria da, inondik ere ez obra sendo bat, baina bere funtzioa bete zuena; hau da, nerabeak zinema aretoetara saldoka eramatea, eta, bidenabar, surferako zaletasuna zabaltzea. Arrakasta hori tarteko, zenbait sekuela filmatu ziren, gehienak telebistarako. Finean, gerora etorriko ziren pelikula landuagoen bidea zabaldu zuen filmak, eta hori izan zen bere lorpen aipagarriena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.