Sustrai Colina nagusitu da gaur arratsaldean Xilabako lehen kanporaketan (Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako bertsolari txapelketa da Xilaba), Muskildiko Posonpesenea gelan, 232 puntu eskuratuz. Bigarren postua Aitor Servierrentzat izan da (210 puntu), eta ondoren bertsolari hauek sailkatu dira: Xan Alkhat (203,5), Egoitz Zelaia (189,5), Gillenn Hiribarren (186) eta Mixel Etxekopar (184,5). Ehun bertsozale inguru bildu ditu saioak, giro onean.
Bigarren kanporaketa urriaren 11n jokatuko dute, 17:00etan, Senpereko Larreko kulturgunean, beste sei bertsolkarik: Maddi Sarasua, Xumai Murua, Battit Crouspeyre, Lur Renteria, Miren Artetxe eta Maddalen Arzallus. Hirugarren eta azken kanporaketan, urriaren 18an, Aiherran, Odei Barroso, Eneritz Zabaleta, Ortzi Murua, Ramuntxo Christy, Patxi Iriart eta Ortzi Idoate ariko dira. Finalerdiak Larresoron eta Aiziritzen izango dira, urriaren 26an eta azaroaren 2an hurrenez hurren, eta finala azaroaren 15ean Baionako Lauga gelan.