Xilaba Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako Bertsolari Txapelketako bigarren eta azken finalerdia jokatu da gaur arratsaldean Donibane Garaziko Vauban zineman, eta horretan Sustrai Colina izan da onena, 332 puntu pilatuta. Odei Barroso (312), Maddi Sarasua (289,5), Maddi Ane Txoperena (284,5), Egoitz Zelaia (268,5) eta Ramuntxo Christy (268) sailkatu dira bertsolari urruñarraren atzetik.
Amets Arzallusek irabazi zuen lehen finalerdia, pasa den larunbatean Hendaian. Eneritz Zabaleta (311,5), Xumaia Murua (291,5), Maindi Murua (282), Ortzi Idoate (266,5) eta Gillen Hiribarren (245,5) sailkatu ziren garailearen atzetik.
Finalaurreko bakoitzeko garaileak eta finalerdietan puntu gehien bildu dituzten lau bertsolariek poltsikoratu dituzte finalerako sei txartelak.
Lauga aretoan jokatuko da finala (17:30) eta hamalauna bertso puntuagarri kantatu beharko ditu bertsolari bakoitzak. 2010eko aldian Arzallus nagusitu zen.