84 urte izan arren, buru-belarri segitzen du lanean Donald Sutherlandek (Saint John, Kanada, 1935), eta segitzeko asmo irmoarekin: “Nire bizitza lan egitea da; aktorearen ofizioa hori da: lan bat egitea, eta hurrengoaren bila joatea. Eta ikaragarri gustatzen zait hori”. 1964an egin zuen zinemako debuta, Il castello dei morti vivi pelikulan, eta ordutik dozenaka filmetan hartu du parte aktoreak. Askotariko generoak landu ditu: drama, gerra zinema, thrillerra, beldurrezko zinema zein zientzia fikzioa. The Burnt Orange Heresy filma da egin duen azkena, eta harekin itzuli da Donostiako Zinemaldira, pelikula aurkeztera soilik ez, baita bere ibilbideari aitortza egin nahi dion Donostia saria jasotzera ere.
Gazte agertu zuen aktore izateko gogoa Sutherlandek. Gaur goizeko agerraldian oroitu duenez, 17 urte zituen aitari antzerkia egin nahi zuela esan zionean. “Antzoki batean inoiz egon gabeak ginen, eta, halere, aitak esan zuen: ‘Ados, baina unibertsitatera ere joan beharko duzu; aktore izatearena ez bazaizu ondo joaten, zerbait izan dezazun”. Ingeniaritza ikasketak egiten hasi zen orduan, baina “porrot” egin zuen. Londresera lekualdatu zen musika eta arte dramatikoa ikastera, eta telesailetan ekin zion aktore ibilbideari.
Zinemako lehen rol garrantzitsua Robert Aldrichen The Dirty Dozen (1967) gerra filmean lortu zuen, eta hurrengo hamarkadan egin zituen haren lan ezagunenetako asko: M.A.S.H. (1970), Kelly's Heroes (1970), Johnny Got His Gun (1971), Novecento (1976), Casanova (1976) eta Invasion of the Body Snatchers (1978). Horietatik eta gerora egin dituenetatik zein duen kuttunen, zein filmatzen gozatu duen gehien, erantzun ezineko galdera bat dela adierazi du: “Seme-alaba guztien artetik gustukoena aukeratzea bezalakoa da hori. Film horiek nire seme-alabak dira, eta zuzendariak maite ditut. Ezingo nuke nire pertsonaien bizitza bizi, baina nireari asko eman diote: informazioa, poza, askatasuna…”. Pausa bat, eta gehitu du: “Edozein modutan, [Federico] Fellinirekin lan egitea izugarri gustatu zitzaidan”.
Zineman hasi zenetik hona, industriak izan duen bilakaeraren lekuko izan da Sutherland. Aldaketa handia izan dela aipatu du, baina ez zaio iruditzen okerrera egin duenik. “Hasi nintzenean, zeluloidea erabiltzen zen, eta 11 minutuan behin aldatu egin behar zuten. Orain, digitalean egiten da lan dena, eta euskarria 58 minutuan behin aldatzen dute, gutxienez. Filma egiteko prozesua oso ezberdina da. Ez naiz erabat egokitu modu berrietara, eta, segur aski, ez naiz egokituko jada. Baina ondo dago”.
Europako agintariek errefuxiatuen auziaren gainean duten jarreraz galdetuta, hasieran izkin egin dio gaiari aktoreak. Beretzat, urgentziaz heldu beharreko gaia klima aldaketarena da orain: "Badakizue Txinan pertsonak erabiltzen ari direla loreak polinizatzeko, ez delako ia erlerik geratzen? Kezkatzen nau errefuxiatuen gaiak, bai horixe: AEBetako mugan gertatzen ari dena ere ikaragarria da. Baina klima aldaketaz ere hitz egin beharra dago. Begira, seme-alabak ditut, bilobak ditut, eta utziko diedan mundua ez da bizi ahal izango diren leku bat. Oso serio ari naiz".
Margolari misteriotsu baten larruan
Giuseppe Capotondik zuzendariaren The Burnt Orange Heresy film beltza da Sutherlandek egin duen azken lanetako bat da. Jerome Debney izeneko margolari misteriotsu baten rola jokatzen du bertan. Kritikari bat (Claes Bang) eta haren maitalea (Elizabeth Debicki) arte bildumatzaile bat (Mick Jagger) bisitatzera joaten dira, eta, Debneyren mezenasa dela argituta, artistaren margo bat lapurtzeko enkargua egiten dio bildumazaleak kritikariari.
Zuzendariaren hitzetan, baina, pelikula ez da artearen munduaz ari, egia bat sortzeaz baizik: «Artea aitzakia bat da pelikulan. Berdin eraman daiteke beste edozein arlotara ere. Filmean mezurik baldin badago, zera da: boterea edo dirua baldin badauzkazu, edo biak batera, egia berriak sor ditzakezu».