Filma hautatzeko arrazoia.
American Way of Death sailaren barruan ezezaguna zitzaidan film horietakoa zelako hautatu nuen. Amnesiaren gaia interesatzen zitzaidan. Gainera, zinema beltz ipar-amerikarrak badu halako fijazio berezi bat LA eta New Yorkekin, eta bi dekoratu hauekiko ezberdina den beste bat eskaintzen du: Phoenix, Arizona.
Aurreikuspenak bete ditu?
Erabat. Bere burua arriskuan ikusita anaia haren lekuan jartzen duen pertsonaiaren istorioa oso ongi dago eramana. Muntatzea bikaina da, eta ikaragarria zuri-beltzezko argazkiari ateratzen zaion etekina: protagonistaren hautuarekin hasita (anaia bat beltza, bestea zuria), airetik hartutako planoetako palmondoen itzalak, autoak, trajeak, ospitaleko giroa....
Nabarmentzeko zerbait.
Protagonistak anaiak direla suposatzen da, eta gainera, haien arteko antzekotasuna nabarmena dela oso. Aldiz, bata ikatza baino beltzagoa da eta bestea zuri-zuria... Ordea, ironikoki, ikuslea baino ez da horretaz jabetzen, pertsonaia guztiek jokatzen dute bi anaiak bat eta berbera balira bezala... Oso efektu bitxia eta eraginkorra sortzen du konbentzio horrek.
Akatsik topatzekotan...
Ez dauka aitzakia gehiegirik... Izatekotan ere, protagonistaren eta bere medikuaren arteko maitasun harremana azkar samar emana dagoela eta aktoreak ere ez direla izan zitezkeenik eta puntakoenak.
Gogoan gordetako sekuentzia.
Protagonistaren urtebetetze festa ospitalean. Kopazko sonbrailu horietako bat ipini diote eta gurpildun aulkian eserita dago, kamerari bizkarra emanda: aurrez aurre, emakumezko opera kantari bat ekarri diote, aria bat abesten diona opari gisa.
Nori gomendatuko zenioke.
Hitchcocken Spellbound haren bertsio indie bat ikusteko gogoa duenari. Memento, Lynch edo Aronofskirekin gozatu duenari.
Donostiako 59. Zinemaldia. Sei gomendio, sei iritzi. Harkaitz Cano. Idazlea
'Suture'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu