Suediako Svenska Kammarkoren abesbatzak irabazi du aurtengo Abesbatza Kantuaren Europako Sari Nagusia. Bost abesbatza kantuan aritu ziren atzo arratsaldean Tolosako Leidor antzokian (Gipuzkoa), Europako talde onena izateko lehian. 681 punturekin lortu zuen garaipena ahots nahasien taldeak. Arezzoko (Italia) abesbatza lehiaketan izan zen iaz garaile Svenska Kammarkoren; han eskuratu zuen atzo Tolosan aritzeko aukera.
Migel Zeberio abesbatza zuzendariak Suediako taldearen lana azpimarratu zuen saioaren ondotik. «Maila bikaina izateaz aparte, programa oso ondo aukeratu dute, entzuteko errazena izan da, eta saio borobila eskaini dute». XIX. eta XX. mendeko obrak aukeratu zituzten atzoko emanaldirako, eta «adimentsutzat» jo zuen Zeberiok haien aukeraketa: «Euren eremura eramaten jakin izan dute». Horrekin batera, abesbatza «ziur eta trinko» gisa definitu zuen Suediakoa.
Euskal Herriko KUP taldeak egindako lana ere nabarmendu zuen, «programa polita eta interpretazio aberatsa» eraman baitzuten oholtzara, haren ustez. Hungariako Cantemus Children's Choir abesbatzaren lana ere «interesgarria». Haurren abesbatza bakarra izan zen, eta Zeberioren ustetan, «hasierako hiru obretan irregular jokatzeak» eragina izan zuen azken emaitzan.
Saioa, oro har, «nahiko astuna» joan zen, hala ere. Zeberiok azaldu zuenez, «egun bakarreko emanaldietan epaimahaiari begira gehiago jokatzen da, publikoari begira baino». Maila aldetik, guztiak ibili ziren berdintsu. «Beharbada, Italiako Citta di Roma abesbatza pixka bat azpitik».
Nazioarteko abesbatza lehiaketetako zirkuitu ofizialean iaz irabazi zuten taldeek parte hartu zuten atzo; hau da, Varnan (Bulgaria), Toursen (Frantzia), Arezzon, Debrecenen (Hungaria) eta Tolosan sari nagusiak eskuratu zituztenek. Datorren urtean Mariborren (Eslovenia) jokatuko dute Abesbatza Kantuaren Europako Sari Nagusia. Han izango da, besteak beste, Tolosako lehiaketan irabazi berri duen Oreya Chamber Choir abesbatza (Ukraina).
Svenska Kammarkoren, Europako abesbatza onena
Suediako taldea garaile izan da sari nagusia lortzeko lehian aritu diren bost abesbatzen artean, Tolosan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu