Iragan ekainean ziren hastekoak Donostiako tabako fabrika zaharra kultura garaikidearen zentro bihurtzeko lanak. Bi aste lehenago, ordea, obrak atzeratzea erabaki zuten instituzioek, krisi ekonomikoak eraginda. Proiektua «egokitzeko» zazpi hilabeteko gogoeta eta negoziazio prozesuak akordioa ekarri duela jakinarazi zuten atzo Tabakalerako Administrazio Kontseilua osatzen duten hiru erakundeek. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak lortutako hitzarmenarekin, bost milioi euro gutxitu dute hasieran aurreikusitako 75 milioi euroko aurrekontua. Tabakalerak 2015erakoateak zabaltzea espero dute instituzioek. «Tabakaleraren proiektuak geldialdia egin zuen maiatzean, eta gaur berriro martxan jarri dugu, indarberrituta», esan zuen Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Blanca Urgell Kultura sailburuarekin eta Odon Elorza Donostiako alkatearekin iluntzean eginiko agerraldian.
Tabakaleraren Administrazio Kontseiluaren bilera egin zuten aurretik hiru agintariek, eta Olanok eman zuen bertan hartutako erabakien berri, kontseiluko presidente gisa. Finantzaketa aipatu zuen lehenik eta behin. Batetik, 2011ko aurrekontuei begira Espainiako Gobernuak eta EAJk hitzartutakoaren arabera, Kultura Ministerioak Tabakalerara zazpi milioi euro bideratuko dituela gogorarazi zuen. Bestetik, hasierako aurrekontua «doitzea» eta bost milioi euro aurreztea lortu dutela nabarmendu zuen.
Finantzaketari lotuta, halaber,zentroa diruz laguntze aldera Administrazio Kontseiluan beste bazkide bat, laugarrena, sartzeari ateak zabaltzea erabaki dute instituzioek. Bazkide berria nor izan daitekeen ez zuen zehaztu nahi izan, «prozesu hori arriskuan ez jartzeko». Ezer baieztatu gabe, Kutxarekin hizketan ari direla adierazi du berriki Antonio Rivera kultura sailburuordeak hedabideetan. Egun, instituzio bakoitzak kostuaren heren bat finantzatzea dute adostua, eta hala izaten jarraituko du, bazkide berria sartu bitartean. Orduan «egokiena» kide bakoitzak %25bere gain hartzea litzatekeela esan zuen Olanok, baina hori ere negoziatu egin beharko dela gehitu zuen.
Espazio berriak
Egitasmoa berriro egokituta, arkitektura proiektuari ere hainbat aldaketa egitea erabaki dute erakundeek. Ondorioz, irabazitako 6.841 metro koadro «aukera berriak eskaintzen dituzten espazio gisa» baliatzea erabaki dute. Finantzaketari lotuta aipatu zituen Olanok gune berri horiek, beraz, litekeena da bertan hartzea Tabakaleratik kanpoko eragileen ekimenak eta diru iturri gisa erabiltzea. Neurri horiek guztiek Tabakaleraren etorkizuneko bideragarritasun ekonomikoari «era baikorrean» eragiten dietela adierazi zuen ahaldun nagusiak.
Behin zentroa martxan jarrita urtero izango duen kostua ez dute zehaztu oraindik, baina Elorzaren hitzetan, hasieran aurreikusitako 11,6 milioi euroetatik «oso urrun» geratuko da; kopuru askoz ere txikiagoa izango dela ziurtatu zuen Donostiako alkateak.
«Bihotza», Artelekura
Tabako fabrika zaharreko eraikineko lanak hasteko erabakia hartu zuten atzoko bileran erakundeek. Hala, maiatzean bertan behera geratu ziren kontratu guztiak berriz martxan jartzea erabaki dute. Lanetarako egutegi bat ere ezarri dute. Behin kontratu guztiak indarrean daudela, eraiste lanak heldu den urteko apirilean hasiko dira, eta irailean, berriz, obra zibila. 2013ko urtarrilerako hori bukatzea eta teknologia proiektuari ekitea da asmoa, eta eraikin berria 2014. urteko azken egunerako prest egotea, 2015ean zabaltzeko.
Hala ere, lanak bukatzeko zain geratu gabe, proiektuaren «bihotza» heldu den urte hasieran martxan jartzea erabaki dute arduradunek. Arteleku arte zentroan garatzen hastea erabaki dutela azaldu zuen Olanok, baina bertan zer- nolako ekimenak egingo dituzten zehaztu gabe. Muin hori zein izango den bileran gehiago definitu zutela azaldu zuen: «Nagusiki, ikus-entzunezko sorkuntza izango da proiektuaren arima».
Bestalde, joan den maiatzean zuzendari nagusi kargutik dimisioa eman zuen Joxean Muñozen lekua betetzeko, zuzendari berria laster kontratuko dutela iragarri zuten. Euskal kulturaren, kultura garaikidearen eta ikus-entzunezkoen munduaren ezagutza sakona izango duen pertsona baten bila dabiltzala zehaztu zuten, eta euskara, gaztelania eta ingelesa menderatzen dituena.
Geldialdia, «onerako»
Zazpi hilabeteotako «hausnarketa garaia oso ontzat» jo du Kultura sailburuak. «Erakundeen arteko sintoniak eta elkarlanak bere fruituak eman ditu». Tabakalera beste hainbat erakunderekin dagoeneko elkarlanerako proiektuen inguruan hitz egiten ari dela adierazi zuen, tartean, Euskal Filmategiarekin eta Etxepare Institutuarekin. Jaurlaritzaren izenean, Tabakaleraren aldeko konpromisoa berretsi zuen Urgellek.
Iritzi bereko agertu ziren Olano eta Elorza. Diputazioarentzat, kultura arloan legegintzaldi osoko proiektu garrantzitsuena Tabakalera dela uste du ahaldun nagusiak. Donostiako alkatearen hitzetan, berriz, maiatzetik honako geldialdia, «edozein ikuspegitatik, oso baikorra» izan da. Tabakalerak ikus-entzunezkoen inguruko prestakuntza proiektu bat hartzeko aukera zehaztu gabe geratu delako penatuta agertu zen Elorza, baina ideia hori ere gogoeta prozesurik gabe ez litzatekeela sortuko esan zuen. «Ez da atzerapauso bakar bat ere egon, gogoetarako tarte bat baizik. Helburuak bete egin ditugu».
Tabakalera aurrekontua bost milioi euro murriztuta abian jartzea adostu dute
Laugarren bazkide bat sartzeari ateak ireki dizkiote Jaurlaritzak, Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak sinatutako akordioanZentroaren lanak 2011n hastea eta zuzendari berria berehala kontratatzea adostu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu