KulTURA

Tabakalera datorren urtean "erabat itxita" egongo da, eraberritze lanengatik

2010ean ekitaldiak Donostiako kultur garaikidearen zentrotik kanpo antolatuko dituztela esan du Joxan Muñoz zuzendari nagusiak. Eraikinaren oinarrian, sotoan eta etxabean lan handiak egingo dituzte.

2009ko uztailaren 15a
14:08
Entzun
Tabakalera Donostiako kultur garaikidearen zentroan eraberritze lanak egin behar dituztela-eta 2010ean "erabat itxita" egongo dela iragarri du Joxan Muñoz Tabakalerako zuzendari nagusiak gaur, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. "Hala ere, horrek ez du esan nahi eraikinetik kanpo Tabakalerak ez dituenik ekitaldiak-eta antolatuko, egingo baititugu".

Eraikinaren oinarria indartzeak lan handia emango du. Izan ere, egurrezkoa da, eta indartu egin behar da. Sotoan eta etxabean ere obra garrantzitsuak egingo dituzte.

Tabakaleraren 26.000 metro koadroak eraberritzeko 61 proiektu aurkeztu dira aurten egindako lehiaketan, eta Jon eta Naiara Monteroren Hirutan lerro hautatu zuten duela zenbait aste. Zentroaren programa betetzeko gai izatea, hirian "ongi txertatzea" eta 42'3 milioi euroko aurrekontuarekin egiteko moduko proiektua izatea nahi du Kultura Garaikidearen Nazioarteko Gunearen administrazio kontseiluak. Monterotarrak hil honetan dira aurkeztekoak oinarrizko egitasmo arkitektonikoa.

Arkitektoen asmoak

"Lehiaketako proiektuan diagonal bat egin dugu guk, Tabakalera zeharkatu eta Urumea ibaiaren bi aldeak harremanetan jartzeko. Egia auzoa eta Kristinenea parkea hiriaren erdigunearekin lerroan jartzea zen gure asmoa, eta Tabakalera da hirutan lerroko erdigunea. Hala, orain erdigunetik Egiara joateko igaro behar den lur azpiko pasabide ilun hori zabaldu eta ireki egingo dugu, Blas Otero parkearen aldera", zioen duela zenbait aste Jon Monterok BERRRIAn. "Londresko Tate Modern museoan bezalaxe, sototik egingo dugu sarrera berri hori. Hala, sotoa ireki eta, egungo lur azpiko pasabidearekin elkartu ostean, plaza handi bat sortuko dugu bertan. Malda pixka bat izango du, estalia izango da. Toki atsegina izango dela uste dut".

Montero arkitektoak iritzi dio Tabakalera eraikinak baduela "bere balioa" eta "ez da komeni asko aldatzea". Ondorioz, barne egitura errespetatu egingo dutela aitortu du. "Hala ere, aldaketa handiak egingo ditugu bai sotoan bai etxabean. Sarrera ez ezik, eraikinaren patioak eta beheko parteak erabili ditugu Tabakaleraren programaren behar handienak sartzeko: zinema eta erakusketa aretoak. Hor obra asko egin beharko dugu, eta zinemak sartzeko eraikinaren alboetako hegal pare bat hustu beharko ditugu. Hor ez gara izan batere kontserbatzaileak. Barruko bi galeria kendu ditugu bi zinema aretoak eta auditoriuma sartzeko. Estruktura aldetik lanik konplexuena izango da".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.