Azpiegiturak

Tabakalera jendez bete da

Denentzako aski lekurik ez, eta irekiera ekitaldi publikora joandako jende askok aurretik sartutakoak irten arte itxoin behar izan dute.

Herritar ugari joan dira Tabakaleraren inauguraziora. JON URBE / ARGAZKI PRESS
Juan Luis Zabala
2015eko irailaren 11
23:41
Entzun

Barruan sar zitekeen baino askoz ere jende gehiago bildu da gaur Tabakaleraren irekieran —hots, 3.000 lagun baino azkoz ere gehiago—, eta jende askok, barrura sartzeko, ilaran itxoin behar izan du, aurretik sartu direnetako batzuk irten arte. Jakin-min ikaragarria piztu baitu Donostiako kultura garaikideko zentroak, eta adin eta zaletasun guztietako jendez osatutako oldea erakarri du irekiera ekitaldi publikoak.

Bilduakoen artean, antzinako tabako fabrikan lan egindakoak ziren asko; aldez edo moldez Tabakalera eraikitzeko eta abian jartzeko lanean aritutakoak ere baziren; inguruan bizi den jendea ere ez zen gutxi; horrez gain, kulturaren munduko jende ezaguna ere ikus zitekeen, hala nola Jose Maria Goenaga zinemagilea, Jon Muniategiandikoetxea eta Jon Munduate artistak, Santi Eraso kultura kudeatzailea eta Oier Guillan idazle eta  aktorea, beste askoren artean.

Kortxoenearen aldeko aldarrikapena
Ateak zabaldu aurretik, Pottors ta Klito taldeak hogei bat minutuko emanaldia egin du, bildutako jendetzaren eta erakundeetako ordezkarien aurrean —Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Eneko Goia Donostiako alkatea, besteak beste—, eta amaitu baino pixka bat lehenago, Autodefentsa feminista kantua ematen ari ziren bitartean, Amaia Gabilondo kantariak, gorputza pintura gorriz tindatuta, “Kultura herriarena. Kortxoenea bizirik” zioen pankarta zabaldu eta erakutsi du, Gros auzoko gaztetxea ixteko asmoa salatuz.

Kultura kritikarako, aldarrikapenerako eta polemikarako espazioa dela, eta Pottors ta Klitoren emanaldiaren bidez gaurko jaia “femeninoz eta aldarrikapenez” hasi nahi izan dutela adierazi du gero Ane Rodriguez Tabakalerako Kultura zuzendariak, kontzertuaren ondoren, inaugurazioaren aurkezpena egitean. “Baina hau ez da guk irudikatu nahi genuena”, zehaztu du, eta Tabakalerako arduradunak ez direla kontzertuko une horretan gertatu denaren arduradun egiten.

«Guk aukera hau baliatu nahi izan dugu Kortxoenearen alde agertzeko», adierazi du Amaia Gabilondok emanaldiaren ondoren. «Artea denontzako dela ari dira esaten eta gaur haserretu egin zaizkigu egin duguna egin dugulako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.