Tabakalera eraikina datorren urteko udan estreinatu nahi dutela kontuan hartuta, 2014a trantsizio urte "oso inportantea" izango dela iruditzen zaio Rodriguez Armendarizi. "Eraikin berrian garatuko ditugun programazio, proiektu, zerbitzu eta guneen gainean pentsatu beharra daukagu". Horretarako, berebiziko garrantzia ematen diote behin-behineko egoitzari. Sukaldea izena jarri diote—literalki, tokiak pare bat sukalde dituelako, eta metaforikoki, han jarraitu nahi dutelako Tabakalera proiektua egosten—; Atotxako dorrearen etxabe batean dago (Mandasko Dukea, 32), eta bertan egin dute, gaur goizean, aurkezpena. "Gune honek berebiziko garrantzia dauka. Batetik, ikusgai dagoelako herritarren begietara; eta, bestetik, gure programazioa identifikarriagoa izango delako". Suhiltzaileen eraikin zaharra ere, Donostia 2016ren egoitza alegia, ekintzak gauzatzeko, aurkezpenak egiteko eta proiektuak garatzeko baliatuko dute. Hirikilabs izena dauka gune horrek.
Bi gune horiei esker, ekintza garaikideak indartu nahi dituzte aurten. "Testuinguru artistikoarekin lan egingo dugu". Eta hilabete bakoitzeko ekintzak gai jakin baten bueltan programatuko dituzte. "Horrek hilabete bakoitzeko pauta zehaztuko du. Gai dela paisaia, arkitektura, artxiboa...". Tailerrak egingo dira, mintegiak eta proiekzioak, besteak beste, "ekintza garaikideetatik eta ikus-entzunezko lengoaietatik abiatuz". Hartara, urtarrilean artxiboa izango da gaia, eta otsailean esperimentala.
Tabakalerak 1,1 milioi euroko aurrekontua edukiko du aurten, eta horretako 190.000 euro bideratuko dituzte programatutako ekintzetarako.