Donostiako Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko “ekosistema kulturala” aurkeztu dute gaur eguerdian, eraikinaren atarian, eraikina erdigune fisikotzat harturik elkarlanean ariko diren erakundeetako ordezkariek. Tabakalerak sinergiak batuko dituen kultura arloko “erreferentzia gunea” izango dela adierazi du Ane Rodriguez Tabakalerako Kultura zuzendariak. Eraikinak bere neurriari dagozkion edukiz betetako “kultur fabrika” izan behar duela adierazi du Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi eta Tabakalerako Administrazio Kontseiluko presidenteak; horretarako erakundeek "agenda partekatu" batera jo beharko dute, Olanoren iritziz, "taifa erresumak saihestuz".
Irailaren 11 ospatuko da Tabakaleraren ate-irekiera, 18:00etan, jai batekin. Aurretik, irailaren 9an, Tabakalerako lehen erakusketa aurkeztuko da, Ikus-entzunezkoaren aldiriak. Ingerada marrazten duten puntuak, Anna Manubensek eta Soledad Gutierrezek apailatua, eta Ibon Aranberri, Aimar Arriola, Itziar Barrio, Itziar Okariz, Alex Reynolds eta Iñaki Imaz artisten lanekin osatua, besteak beste. 2016an, Donostia Europako bi kultur hiriburuetako bat delarik, Tabakalera "funtzionamendu betean" izatea espero du Rodriguezek.
Tabakalerako "ekosistema kulturala" osatzen duten erakundeetako ordezkariek Tabakalerarekin izango dituzten harremanen berri eman dute, banan-banan, gaurko agerraldian:
Kutxa Fundazioa
Kutxa Fundazioaren kultur jarduera ia osoa Tabakalerako eraikinera pasatuko dela iragarri du Carlos Ruiz Kutxa Fundazioko zuzendariak: bulegoak eta biltegiak, Boulevard 1 aretoko erakusketak, Kutxa Ikasgelak, Fototeka eta beste. Irailaren erdialdean hara aldatuko dituzte bulegoak, eta urrian Kutxa Fundazioaren arte bildumako 80 lanekin osatutako erakusketa zabalduko dute. XIX mendeko eta batez ere XX. mendeko eskulturak eta pinturak izango dira ikusgai, gehienak Euskal Herriko —eta batez ere Gipuzkoako— artisten obrak. Kutxa Fundazioak Tabakalerari 13 milioi euroko ekaroena egin diola gogorarazi du Ruizek, eta eraikinaren barruan Kutxa Kultur Plaza izeneko gune neuralgikoa izango dela ere nabarmendu du. Orotara, eraikinaren barruan 900 metro koadro izango ditu Kutxa Fundazioak.
Euskadiko Filmategia
Tabakalerako eraikinerako leku-aldaketa "bigarren jaiotza" bat izango da Euskadiko Filmategiarentzat, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariaren ustez. "Aldaketak erakundeari agerikotasun handiagoa emango dio, eta orain artean izandako arazo batzuen konponbidea ekarriko du. Aurrerantzean ikertzaileei eta ikus-entzunezko industriari bere zerbitzuak hobeto eskaintzeko aukera izango dugu". Abantaila handiena, nolanahi ere, emanalditarako areto bat izatea izango da. Horri esker, azarotik aurrera programazio bat eskaniko du Euskadiko Filmategiak. Programazio horretan, astero emanaldi bat edo bi izango direla iragarri du Fernandezek, hiru ardatz nagusitan banatuak: Euskal Herriko zinema ondarea; zinemaren historiako lanak; eta areto komertzialetara iristen ez diren filmak. Irailaren 12an estreinatuko dute zinema aretoa, Ivan Zulueta zinemagile donostiarraren (1943-2009) Un, dos, tres, al escondite inglés (1969) filmaren emanadiarekin. Han izango dira Euskadiko Filmategiko, Donostiako Zinemaldiko eta Donostia Kulturako ordezkariak.
Etxepare Euskal Institutua
Etxepare Euskal Institutuak irailaren 7an aldatuko ditu Prim kaleko bulegoak Tabakalerakoengatik. Institutuaren lana euskara eta euskal kultura nazioartera zabaltzea dela gogorarazi du Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, eta horretarako Euskal Herriko sortzaileak "prestigiozko gune eta foroetara" eramaten ahalegintzen dela. “Joan-etorri horietarako” Tabakalerarekin etengabeko elkarlanean ariko direla azaldu du Goenagak.
Donostiako Zinemaldia
Zinemaldiko lan taldeak Tabakaleran izango duen gune berritik antolatu eta kudeatuko du 2016ko ekitaldia, azaroaz geroztik hara aldatuko baititu bulegoak. “Instalazio handi eta hobeetan lan egiteaz gain, horri esker Tabakalerako ekosistemako gainerako erakundeekin harremanetan lan egiteak aberastu eta hobeak egingo gaituela uste dut”, adierazi du Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendariak. Aurtengo ekitaldian Zabaltegi saileko filmek Tabakaleran izango dute aurreneko emanaldia, eta Tabakaleran egingo da Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa. Horrez gain, Zinemaldiko antolatzaileek jaialdiko film batzuk —batez ere Zabaltegikoak eta atzera begirakoetakoak— jaialdiaren ondoren, urrian eta azaroan, Tabakaleran eskaintzeko asmoa dute. Urte osorako programaziorik ez dute aurreikusten, hori beste erakunde batzuen zeregina dela irizten baitiote.
Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburua
Donostia 2016k Europako Kultur Hiriburuak bi proiekturen bidez du lotura zuzena gaur egun Tabakalerarekin: Hirikilabs eta sortzaile egoiliarren egonaldiak; Donostiako Zinemaldiarekin batera Ikusmira Berriak programa antolatu du, adibidez, Donostia 2016k, eta programa horren barruan hainbat zinemagile Tabakaleran hasiko dira beren proiektuak prestatzen irailaren amaieran. Horrez gain, Pablo Berasategi Donostia 2016ko zuzendariak azaldu duenez, Donostia 2016k Tabakalerarekin eta han bildutako erakundeekin etengabeko elkarrizketan garatuko ditu bere programak eta ekitaldiak, eta hiriburutza kulturalaren urtea pasa ostean hiriburutzak utzitako ondarea Tabakaleran geratuko da.