Tabakalerako esleipenekin segitzea erabaki dute

Administrazio Kontseiluak «proiektu arkitektoniko eta kulturalarekin» jarraitzea onartu du

Tabakalera barruko gela bat, proiektuaren logotipoarekin JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Jon Eskisabel.
Donostia
2011ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Tabakalerako Administrazio Kontseiluak «proiektu kultural eta arkitektonikoarekin aurrera jarraitzea» erabaki zuen atzo arratsaldean egindako bileran. Horren ondorioz, tabako fabrikaren eraikina berritzeko lanen adjudikazioan beste urrats bat egin zuen. Hain zuzen, «kalitate kontrolaren eta obra zibilaren loteei dagozkien adjudikazioei» bidea eman zien. Aldiz, zuzendari nagusiaren izendapenaren gaineko erabakia beste baterako utzi zuen.

Aurreko bilera uztailean egin zuen Administrazio Kontseiluak, eta erabaki zuen kontseiluko kide berriek Tabakalerako proiektua sakonago ezagutzeko aukera izan zezaten denbora tarte bat hartzea. Izan ere, maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetako emaitzaren ondorioz, nabarmen aldatu da Administrazio Kontseiluaren osaketa. Bilduk Gipuzkoako Diputazioan eta Donostiako Udalean agintea hartu ostean, koalizio horretarako ordezkariek dute gehiengoa Administrazio Kontseiluan —Eusko Jaurlaritza da beste instituzioa—. Tabakalerari buruz galdetu zaienean, ezein iritzi eman aurretik egitasmoa ondo ezagutzeko denbora behar dutela erantzun dute beti Bildukoek.

Horregatik, jakin-mina zegoen atzoko bileran Administrazio Kontseiluak hartuko zuen jarreraz, baina aurreko egunetan hiru instituzioetako ordezkariek egindako adierazpenetatik ondoriozta zitekeen ez zela ezadostasun handirik egongo. Eta hala gertatu zen. Eraikina berritzeko apiriletik hasita dauden obrekin aurrera jarraitzeko eta adjudikazioak onartzeko hartutako erabakia aurrez iragarri zitekeen, obren adjudikazioa urrirako egin ezean Espainiako Sustapen Ministerioak emandako zazpi milioi euroko diru saila galduko baitzen.

Kultur egitasmoari dagokionez, ordea, ezer gutxi egin du aurrera Administrazio Kontseiluak. 2010eko maiatzean Joxean Muñozek dimisioa eman zuenetik —obrak hastear zirela, proiektua birmoldatzeko orduko Administrazio Kontseiluak hartutako erabakiarekin ados ez zegoelako utzi zuen kargua— zuzendaririk gabe dago Tabakalera, eta atzoko bileran horri buruzko erabakia beste behin atzeratzea erabaki zuten. Horretarako arrazoia eman zuten: proiektuaren bideragarritasuna aztertu behar dute oraindik. «Krisi ekonomikoko garai honetan, eraikinean egin beharreko lanak eta proiektu kulturalaren garapena irunkorrak izan daitezen lanean jarraituko dute kontseiluko kideek», azaldu zuen Administrazio Kontseiluak komunikabideetara igorritako ohar batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.