Tabakaleran aurrerapauso historikoa emango dutela uste du Fernandezek

Azpiegitura hobetzeko, artxiboa bateratzeko eta programazio iraunkor bat eskaintzeko balioko duela iruditzen zaio

Igor Susaeta.
Donostia
2013ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
2015aren erdialdean edo amaieran Tabakalera eraikinean ezartzen baldin badira, Euskadiko Filmategiak «aurrerapauso historikoa» emango du, Joxean Fernandez instituzioaren zuzendariak dioenez. «Batetik, azpiegiturak nabarmen hobetuko ditugu. Bestetik, artxiboa bateratu ahal izango dugu. Eta, azkenik, programazio iraunkor bat antolatzeko aukera emango digun areto bat edukiko dugu». Hain zuzen, azken hori da, Fernandezen iritziz, filmategiak konpondu nahi duen «gabezia historikoa».

Tabakalerara lekualdatu aurretik, filmategiko kideek argi daukate zeintzuk diren elkartearen ardatzak. «Gure zinema, gure ondarea kontserbatzea dagokigu». Zinema aretoetara iristen ez diren pelikulak ere eman nahi dituzte. «Gero eta handiagoa da film horien kopurua. Eta kontua ez da interes falta, pantaila urritasuna baizik. Zenbait produktuk monopolio baten gisara hartzen dute merkatua», azaldu du Fernandezek. Alor horretan, filmategiak gero eta garrantzitsuagoak izango direla irizten dio. Baita «kultura zinematografikoa» sustatzeko orduan ere. «Klasikoak-eta pantaila handian ikusi behar dira, horietarako eginak daude-eta».

Gazteen artean «hezkuntza lana» egiten jarraituko dute «oso inportantea» delako, eta, egoitza Donostian izan arren, «orain arte bezala» programazioa Euskal Herri osoan zehar zabaltzea da haien asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.