"Ekosistema kultural dinamiko bat irudikatzen dugu, eta hiriaren programazio kulturala osatuko dugula iruditzen zaigu", adierazi du Ane Rodriguez Tabakalerako kultura zuzendariak, gaur goizean komunikabideekin eraikinean zehar egindako bisita gidatuan.
Tabakalera proiektuak Donostiako Zinemaldia (bulegoak), Euskadiko Filmategia (egoitza eta ikerketarako gune bat), Etxepare Institutua (bulegoak) eta Kutxa Fundazioarekin (eraikinaren zati handi bat hartuko dute haiek bultzatutako ekimenek) konpartituko du 37.000 metro koadroko eta bost solairuko gunea. "Elkarrizketa baten barruan, denon artean ekosistema kultura indartsu eta koherente bat martxan jartzea espero dugu", esan du Rodriguezek.
Kultur proiektuko zutarriei dagokienez, Praktika Artistiko Garaikideak deiturikoa hemengo artistei laguntzen ahaleginduko da, eta, era berean, nazioarteko instituzio eta sortzaileekin sarea sortzea izango du helburu, Tabakalerako zuzendari kulturalaren esanetan; bigarren xede horretarako, egonaldi programa bat garatuko dute. Zero solairuko erabilera anitzeko bi aretoetan pentsamendu garaikidea sendotuko duen edozein praktika trandiziplinar garatuko dute. "Arte bisualak, eszenikoak, plastikoak...". Solairu horretan bertan, gainera, zinema areto bat partekatuko dute Tabakalerak eta Filmategiak. 240 laguntzekoa tokia izango du.
Laborategiak bigarren solairura eramango dituzte, eta topaleku izatea dute helburu, "jendeak teknologia testuinguru sozial batean erabil dezan, ikaskuntza, elkarlana eta gizartearen jabekuntza sustatuz", besteak beste. Ikaskuntza programak eta lantegiak garatuko dituzte horretarako.
Ubik-ek "mediatekaren kontzeptu berri bat" eskainiko du lehen solairuan —solairu horren azaleraren ia erdia hartuko du—, eta Tabakelerako "sorkuntza liburutegi proiektua" izango da. "Esperimentatzeko gunea izango da, eta garrantzitsua izango da herritarrak sorkuntza prozesu horietara erakartzea".
Hezkuntza proiektuak bi helburu dauzka. Batetik, "instituzio kulturalen eta ingurunearen artean" harreman bide berriak sustatzea; eta bestetik, "bertan sortzen diren proiektu artistikoak lengoaia berri eta kutsakor batera itzultzea".
Epeak betetzen ari dira
Eraikina eraberritzeko lanak jarritako epeen barruan burutzen ari dira, eta, hortaz, "kultura garaikidearen sorburu eta topagune" izango den eraikina hurrengo urteko udan zabalduko dute "pixkanaka". Baina horrek badu arrazoi bat. "Modu narratibo batean ireki nahi ditugu espazioak.
Ohiko sarreraz gain, sarrera nagusi berri bat ere edukiko du Tabakalerak iparraldeko fatxadan, eta kafetegi bat (zero solairuaren azpiko solairuan), eta jatetxe bat ere (laugarren, azken, solairuan) eraikiko dituzte.