Teknologia

'Tablet' osoena

Apple etxeak argitu du misterioa: IPad aurkeztu du, erabateko ordenagailua. Internet, argazkiak, bideoak, musika, jokoak, egunkariak, liburuak, posta eta abar biltzen ditu 'tablet'-ak.

xabier martin
2010eko urtarrilaren 28a
12:02
Entzun
Misterioa amaitu da. Azken hilabeteetan asko hitz egin da Apple etxeak egin behar zuen aurkezpena dela eta. Sagarraren etxeak tablet berri bat merkaturatu behar zuela zabaldu zen, eta hark benetako aurrerakuntza ekarriko zuela. Baina hortik aurrera ezer gutxi, ez da aparailu berriaren izena ere.

Iritsi da azkenean. iPad da bere izena, eta tablet euskarriko ordenagailua da, «baina hori baino askoz gehiago da», Steve Jobs Apple etxearen kontseilu delegatuak dioenez. Hark aurkeztu zuen atzo iPad San Frantziskon (AEB), 200 kazetariren aurrean. «Produktu magikoa eta iraultzailea aurkeztu nahi dizuet», esan zuen, eta itxura batean ekitaldia amaitzean ase egin zituen teknologia alorreko adituak.

Ez da harritzekoa; netbook batetik haratago doa iPad. Erabateko ordenagailua dela ere esaten ari dira jadanik. Internet sareko nabigazioa (Wifi-rekin); argazkiak, musika eta bideoak (filmak barne) lortu eta kudeatzeko sistema; jokoetan online aritzeko aukera; egunkariak eta liburuak irakurtzeko modua; eta egungo edozein ordenagailuk eskaintzen dituen beste aukera guztiak ematen ditu iPad tablet berria.

Oso arina da eta estralaua, etorkizuneko diseinu dotorearekin. 680 gramo pisatzen du, eta 9,7 hazbeteko lodiera dauka. Hamar ordu iraun dezakeen bateriarekin aritzen da. Funtzio guztiak ukimenezko pantailari esker gobernatzen dira. Ghz bateko prozesadorea dauka, Apple etxearena bera. iPad-eko egokitzapen guztiak eskainiko dituzte, hainbat memoria gaitasunekin (16, 32 y 64 giga). 499, 599 eta 699 dolarretan salduko dituzte egokitzapenok AEBetan; 3 G-ko konexioarengatik 130 dolar gehiago ordaindu beharko da. iPhone telefonoaren aplikazio guztiak ditu iPad-ek.

«Batzuek diote netbooks-ak direla etorkizuneko formula, baina ordenagailu eramangarri merkeak baino ez dira; iPad-a beste gauza bat da», zioen harro Jobsek. «Zerbait benetan ona egin nahi genuen, gauza garrantzitsuak egiteko gai izango zen zerbait».

Mehatxua besteentzat

Denborak esango du Apple etxeak asmatu duenetz. Baina bide onean daudela inor gutxik jarriko du zalantzan; iPod-ekin lortu duten kopuruei erreparatzea besterik ez dago: 250 milioi gailu saldu dituzte, eta Apple etxeko aplikazioen dendan 13.000 milioi deskarga egin dituzte 18 hilabeteko epean.

iPad-ek Apple etxeko teknologia aurreratuena biltzen du, baina teknologiatik at, beste hainbat alorretako etxeekin egindako hitzarmenek emango diote indarra gailuari. Etxe horiei esker hornituko dute iPad-a hainbat osagai rekin. Esaterako, aldizkariak eta egunkariak irakurtzeko aukera izango da -besteak beste The New York Times eta Times- baita liburu digitalak deskargatzeko aukera ere. AEBetan 12,99 eta 14,99 dolar bitartean eskainiko dituzte liburu horiek Epub euskarrian, The Wall Street Journal-ek kaleratu duenez. iBooks online denda ere sortu dute liburuak deskargatzeko. Bestalde, bideojokoek euskarri ezin hobea izango dute tablet berrian, egun online jokoen alorrean garatu diren teknologia aurreratuena baitauka.

Horrez gain, ukimenezko gaitasunari esker, pantailan idatzi ahal izango da, teklatu birtuala baitauka. Baina ohiko teklatuarekin aritzeko aukera ere eskainiko dute.

Askotariko funtzioak gauzatzeko bertute horiengatik guztiengatik, iPad mehatxu argia da azken hilabeteetan merkaturatutako hainbat euskarrientzat, izan liburu digitalenak edo jokoenak. AEBetan 60 egunetan jarriko dute salgai iPad-a, baina Euskal Herrira dezente geroago iritsiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.