Xilaba Ipar Euskal Herriko bertso txapelketak lehiaketa molde berria izango du aurten: lehenegoz, taldeka ariko dira bertsolariak. Guztira, 40 lagunek parte hartuko dute 11 taldetan banatuta, bertsolariak, gai jartzaileak eta antolatzaileak barne.
Dena den, aldaketa ez da luzerako izango. 2020ko urtean banakako antolaketara pasatuko da berriz ere Xilaba. 2021eko Euskal Herriko bertso txapelketa nagusira joateko, Ipar Euskal Herritik hiru bertsolari sailkatu behar baitira.
Azaldu dutenez, "ostatu giroan" egingo dituzte saioak, txapelketen ohiko giro zurrunetik ihes. Bertsolari taldeen izenek ere adierazten dute lehiaketak giro informalagoa bilatuko duela: Ezkorbrutak, Tirrit, Mattinsalto, Dilindan, Kosta ala kosta, Eskukula eta Sasibertsolariak, dira talde horietako batzuren izenak. Taldeek eurek egingo dituzte epaile lanak.
Txapelketaren lehen saioa urriaren 12an izango da Gamere-Zihigan (Zuberoa), eta finala Baigorrin (Nafarroa Beherea) jokatuko da.