Musika

Tania de Sousa, bere erara

Kantariak bakarkako bere lehenengo diskoa kaleratu du, Tania Tank, Fermin Muguruzak ekoitzia.

Tania de Sousa, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO, ARP
Berria
2014ko irailaren 17a
13:23
Entzun

Bere kantuak idatzi eta bere erara emateko gogoa zuen Tania de Sousak (Zestoa, 1987), eta aurretik hainbat proiektutan aritu ondoren —ezagunena Zuloak—, bakarka estreinatu da Tania Tank diskoarekin. Gaur eguerdian aurkeztu du lana Donostiako A Fuego Negro tabernan.

Fermin Muguruzak ekoitzi du kantariaren diskoa, eta gaur gogoratu duenez, The Dispositives taldeak Donostiako Le Bukowski tabernan emandako kontzertu batean ezagutu zuen De Sousa. Han sortutako harreman horrek eraman zuen kantaria Zuloak proiektura —Muguruzak berak  egindako filma eta sortutako taldea—, eta orain beste urrats bat egin dute biek. 

Izan ere, De Sousak aitortu duenez, aurretik ibilitako taldeetan "gustura" aritu da, baina erabakiak "demokratikoki" hartu beharraren ondorioz, batzuetan ez da erabat bat etorri azken emaitzarekin. Oraingoan, aldiz, bere kantuekin osatu du Tania Tank. Eta "denetarik" sartu ahal izan du diskoan.

Taldea lagunekin osatu du, baina kolaboratzaileak ere izan ditu: Maite Arroitajauregi Mursego, Koldo Soret, Xabi Solano.... Horietako askok parte hartuko dute Tania de Sousak ostiralean Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian, emango duen kontzertuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.