Tanttaka Teatroak irabazi du enpresa edo ekoizpen pribatu onenaren Max saria. Soinujolearen semea eta Komunikazioa-Inkomunikazioa lanengatik saritu dute konpainia gipuzkoarra. Bernardo Atxagak idatzitako nobelaren moldaketa bat du oinarri lehenak, Patxo Telleriak ondua, eta Fernando Bernuesen zuzendaritzapean taularatu zuten. Komunikazioa-Inkomunikazioa obrak, berriz, dantza du oinarri; Mireia Gabilondo zuzendariak eta Jon Maia koreografoak taularatu zuten ideia, eta Arriaga antzokiak, Kukai dantza taldeak eta Tanttaka Teatroak ekoitzi zuten.
Araudi berriari jarraiki banatu dituzte aurten Espainiako Max sariak, eta hemeretzi kategoriatan sailkatu dituzte. Hala, lehenago ez bezala, jada ez dituzte euskara edo katalana irizpide gisa hartzen bi hizkuntza horietan egindako lanik onenak saritzeko. Sariak antolatzen dituen SGAE Fundazioaren arabera, araudi berriaren helburua da "sari integratzaileak bilakatzea, alegia, hautagaien pisua eta parte hartzaileen arteko berdintasuna aintzat hartzen dituzten sariak bideratzea".
Madrilen, atzo gauean egin zuten sariak banatzeko ekitaldia, eta Juan Diego Botto aktorea izan zen gehien saritua. Un trozo invisible de este mundo antzezlanarekin lau Max sari eskuratu zituen: antzezlan onenarena, aktore onenarena, egile berri onenarena eta argiztatze diseinuarena.