The Band-en jarraitzaileek beti modu berean gogoratuko dute. Bateria goxoki baina sendo jotzen, amerikar musikaren ikonoetako bat bihurtu zen taldearen barne erritmoa markatzen, eta aldi berean albo batean zeukan mikrofonoari modu sentikorrean abesten. Agertokian atzean egon arren, taldearen pisua gainean hartzeko gaitasuna zuen perkusionista bat baitzen, talde errepikaezin bateko zutabe nagusietako bat. Levon Helmi eztarriko minbizia diagnostikatu zioten 1998an, baina haren ahots ederra ez zen isildu kanturako. Helm bera herenegun gauean isildu zen betiko. 71 urte zituen.
Arkansasen jaioa (AEB), oso gazte zela, Ronnie Hawkinsen taldean sartu zen. Talde hura, The Hawks, Bob Dylanek folketik folk-rockera egin nahi zuen jauzirako ezinbesteko pieza bilakatu zen denbora gutxira, eta 1968an lehenengo diskoa kaleratu zuen, Music From Big Pink, ordurako The Band izenarekin. 1976an egin zioten hileta taldeari, Martin Scorsesek filmatutako kontzertu mitiko batean. Helmek segitu zuen bakarka diskoak grabatzen eta zuzenean jotzen. Azken baltsa dantzatzea iritsi zaion arte. •
Hilberria. Levon Helm
Taupada eta arima
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu