Askotariko proposamenak, ohiz kanpokoak askotan, bildu izan ditu urtero Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi sailak. Aurten, Zabaltegi-Tabakalera saila lehiazkoa izango da lehen aldiz, eta lehia horretan izango diren lanetatik zortziren izenak aurreratu ditu jaialdiak. Bertrand Tavernier zinemagile frantziarraren lan berriak, Voyage à travers le cinéma français / A Journey Through French Cinema izenekoak, inauguratuko du saila. Saileko sari nagusirako lehian, parez pare izango ditu nazioartean izen handiko beste hainbat zinemagileren lanak, tartean, Terence Davies eta Jim Jarmuschen lan berrienak, baita datozen asteetan iragarriko dituzten beste hainbat ere.
Frantziako zinemagintzari buruzko dokumentala da Tavernierrena. Cannes Classic-en aurkeztu zuen lana, eta ikuspegi pertsonal batetik, bere film, zuzendari nahiz konpositore gogokoenei omenaldia egiten die bertan, Jean Renoirretik hasi eta Claude Sautetera, Henri Decoinetik Jacques Beckerrera, tartean François Truffaut, Jean-Luc Godard, Louis Malle eta beste hainbat aurkezten dituela. Sei urte eman ditu Tavernierrek lana ontzen.
Jim Jarmuschen azken lana dokumentala da ere, baina oso bestelako gaia jorratu du estatubatuarrak: The Stooges rock taldearen bilakaera aztertu du Gimme Danger lanean (Cannesen aurkeztu zuen, lehiaz kanpo). Fikziora jo du, aldiz, Terence Daviesek, Emily Dickinson idazlearen bizitza eta ibilbide artistikoa aurkezten baititu A Quiet Passion filmean. Berlinen estreinatu zuen filma zinemagile ingelesak.
Lav Diaz zinemagile filipinarraren Hele Sa Hiwagang Hapis / A Lullaby to the Sorrowful Mistery ere eskainiko dute sailean. 480 minutuko iraupena duen lanean, bere herrialdeak jasandako zapalkuntza koloniala aztertu du, Filipinetako Iraultzari buruzko hainbat narrazio harilkatuz.
Deborah Stratman estatubatuarrak, berriz, The Illinois Parables aurkeztuko du. Sundancen estreinatu zuen dokumental esperimentalean, sinismenek ideologia sozialean eta nortasun nazionalean duten egiteko historikoa du hizpide zinemagileak, Illinoiseko estatuaren historiako hainbat gertakari oinarri hartuta.
Herrikide duen Ignacio Aguero dokumentalistari buruzko lana ondu du Jose Luis Torres Leiva txiletarrak. El viento sabe que vuelvo a casa pieza metazinematografikoa da, eta Rotterdameko zinema jaialdian estreinatu zuen.
Animazioa ere bai
Animaziozko bi lan, gutxienez, izango dira sailean. Hayoun Kwon seuldarrak 489 Years animaziozko film laburra aurkeztuko du. Hego Koreako soldadu baten lekukotzaren bitartez, bi Koreen arteko eremu desmilitarizaturako sarbidea eskaintzen du lanak.
Jean François Laguionie animazio-errealizadore laudatuak, berriz, Annecyko zinema jaialdian berriki estreinatutako Louise en hiver / Louise By The Shore lana erakutsiko du, Louise izeneko adineko emakume bat protagonista duena.
Saileko lan guztiak Tabakaleran eskainiko dituzte. Donostiako 64. Zinemaldia irailaren 16tik 24ra egingo dute.