Taviani anaien 'Cesare deve morire' filmak irabazi du Berlinale jaialdiko sari nagusia

Nikolaj Arcelen 'En kongelig Affaerea' filmak bi sari jaso ditu; gidoirik eta gizonezko aktorerik onenarenak

Inigo Astiz
2012ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Publikoaren txaloen osteko errealitate gordinari eman dio sari nagusia Berlinale zinema jaialdiko epaimahaiak. Paolo eta Vittorio Taviani zinemagile italiarrek zuzenduriko Cesare deve morire filmari, hain zuzen ere (Cesarrek hil egin behar du). Erromako espetxe batean kokatzen da kontakizuna, eta William Shakespeareren lan bat antzezten duten presoen bizimodua da pelikulan ageri dena. Beren errealitatea gordin eta sakonago ezagutzen dute drama klasikoak espetxeratutako gizonek. Benetako presoak dira preso rola jokatzen dutenak. «Artea ezagutu nuenetik, kartzela bilakatu zait gela hau», dio batek.

Egungo munduaren gatazka guneetan jarri du begia aurtengo Berlinale jaialdiak, eta atzoko sari banaketan ez zen sorpresarik izan. Drama izan zen nagusi. Aurreratua zuen Dieter Kosslick jaialdiko zuzendariak hautu horren nondik norakoa: «Gauza handiak kontatzen dituen zinema txikiaren alde egin dugu, baita publikoaren gehiengoarentzat atsegin ez izan arren ere». Film gogorrak izan dira lehiaketa ofizialeko gehienak; kritika politiko eta sozialez bustitakoak haietariko asko. Oro har, izandako maila ona nabarmendu zuten epaimahaiko kideek, eta Taviani anaiena nabarmendu zuten lehian ziren hemezortzi lanen artean.

Sari bikoitza

Nikolaj Arcel zinema zuzendariaren En kongelif Affaerea lana izan zen atzoko beste garailea, bi sari jaso baitzituen: gidoirik onenarena eta gizonezko aktorerik onenarena. Johann Friedrich Struensee mediku eta erreformista politikoaren nondik norakoak kontatzen ditu filmak, 1768an Danimarkako erregearekin Europan egindako urtebeteko bidaia abiapuntu hartuta. Eta, hain zuzen ere, erregearen rola jokatzen duen Mikkel Boe Folsgaard aktoreak jaso zuen gizonezko aktore onenaren saria.

Ijitoen aurkako hilketa xenofoboak kontatzen dituen Benedek Fliegauf zuzendari hungariarraren Csak a Szél filmak jaso zuen, bestalde, epaimahaiaren saria. Eta Christian Petzold zuzendariari eman zioten zuzendari onenarena, Barbara filmagatik. Rebelle filmean soldadu izatera behartzen duten umearen rolagatik jaso zuen emakumezko aktore onenaren saria Rachel Mwanzak.

Lehiaz kanpo egon arren, kritikak laudatutako L'enfant d'en haut filmak ere jaso zuen sari bat. Aipamen berezia egin zion epaimahaiak Ursula Meier zuzendariaren lanari. Miguel Gomes zuzendariak jaso zuen Alfred Bauer berrikuntza saria, Tabu filmagatik, eta Joao Salavizak film laburrik onenarena; Lutz Reitemeier argazki zuzendariak ere aipamen berezia jaso zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.