«Eruditoak ez garenez oker egoteko arriskuan egon gaitezkeela onarturik, ondorio harrigarri batera iritsi gara: gaur egungo ikusle bakar batek ere ez du inoiz euskarazko antzezlan bat bertsoz ikusi. Eta hortik beste ondorio harrigarriago bat: hau da teatro vasconum primitiae bat». Aspaldi zebilen Patxo Telleria aktore eta antzerkigilea errimaz eta neurrian emandako antzezlan bat sortu nahian. Ez zitzaion asko kostatu euskal tradizioan bertso kantatuko lanak aurkitzea. Hasteko, hor dira pastoralak. Baina, kantatu gabeko hitz neurtuko antzerkirik, apenas. XVIII. mendeko Gabonetako ikuskizuna ekitaldi laburra baino ez. Baina ezer askorik ez horrez gain. Eta horregatik harridura. Berak idatzitakoa da euskaraz bertsotan emango den lehen antzezlana: Pankreas. XXI. mendeko tragikomedia modernoa, eta halere teatro vasconum primitiae bat. Asteazkenean eta ostegunean estreinatuko du Tartean konpainiak, Bilboko Arriagan.
«Mendizaleek mendira igotzeko duten arrazoi beragatik egin dut nik teatroa bertsotan», azaldu du Telleriak. «Everestera zergatik igo nahi duten mendizaleek? Bada, han dagoelako. Zergatik erabili nahi nuen nik bertso moldea? Bada, hor zegoelako, gure zain! Eta gainera erronka bat zen. Hau da zirkuitu profesionalean antzerkia bertsoz egiten den lehen aldia. Eta hori baliatu dugu gure alde, zer edo zer berezia eskaintzeko, eta ekarpen txiki hori egiteko euskal antzerkiari».
Entsegu ordua dute, eta hasi da saioa. Hiru pertsonaiak oholtzan: Jonan, Jabilo eta Paul. Telleria, Mikel Martinez eta Joseba Apaolaza aktoreak. Hiru lagun, eta haien arteko endredoa. Pankreas baten premia larria du Jabilok, eta Paulek aspaldi eman zuen aditzera 60 urte betetzean bere buruaz beste egingo zuela. Urtebete inguru baino ez zaio falta adin horretara heltzeko, eta Jonanek batu ditu bi hari muturrak. Lagun baten suizidioa aurreratu, eta beste lagunaren bizitza salbatu. Baten heriotza, bestearen bizitza. Baina ekuazio gordin eta sinple hori konplikatzen joango da antzezlanak aurrera egin ahala. Heriotzaren beldurrak urratu egingo ditu hiru lagunen maskarak, eta azaleratzen joango dira pertsonaia bakoitzaren gezurrak. Oinarri gordineko tragikomedia da, baina tragikomedia, halere. Tarteka doaz publikoan isiltasuna eta algara. Telleria: «Ia ehuneko portzentaje berean eskainiko dugu komedia eta drama, gazia eta gozoa».
Umorean aritu zalea, tragedia ukitu hori ere maite du Martinezek. «Asko gustatzen zait lortu dugun tonua. Momentu guztian gaude gauza tragiko batean, baina egoera barregarria da, eta batzuetan oso barregarria. Nahasketa hori uste dut oso polita dela». Adibidea ere jarri du. Bertsotan. Pertsonaiaren ahotsean: «Pankreasa ematen duenik, ez dago jende askorik. Ama bezala, pankreas bakarra dugu, tamalez. Giltzurrunarekin aldiz, bakoitzak bina dugunez, bata eman dezakegu batere pentsatu barik. Diruarekin bezala, bi milioi badaukazu, bata erregalatzeak ez dizu ematen pereza. Giltzurruna lortzea ez da ez gauza erraza. Pankreasa behar baduzu, orduan, jai daukazu».
Bertsoaren dotorezia
Erabili dituzte euskal tradizioko metrikak, eta frantses tradiziokoak eta gaztelerazkoak. Deklamaziorik ez dago, ordea. Natural irudikatu nahi izan dute artifizioa. Telleria: «Gure helburua da jendeak une batean kasik ahaztea bertsotan ari garenik ere. Bertsoak ematen dio dialogoari dotorezia eta maila estetiko berezia, baina ziur gaude une batean jendeak ahaztu egingo duela bertsotan ari garenik ere». Karmele Aranburu izan dute gidari horretarako. Luzez aritu da hura Espainiako antzerki klasikoarekin lanean, baina euskalduna izanik, euskararekin lagundu ditu orain Tartean konpainiakoak. «Bertsoarekin dotorezia eman nahi genion testuari, baina ez genuen nahi traba izan zedin», azaldu du Telleriak.
Lehen bertsioan antzezlana ez zegoen bertsoz idatzita, Telleriak azaldu duenez. «Ongi ikusten genuen istorioa, interesgarri zegoen, baina hain zaila da gaur egun antzezlan bat ateratzea, hain aukera gutxi daude, bururatu zitzaidan gehigarri bat ematea. Bat-batean iruditu zitzaidan bertsoena egokia izan zitekeela. Ez bakarrik ongi egon zitekeelako, baizik eta pertinentea zelako». Eta halaxe azaltzen diote ikusleari ere antzezlanean. Pertsonaiek bizi duten egoeran hala aritzen baitira denak. Hori diote.
Soila da dekorazioa. Pasarela bat eta argi batzuk baino ez ditu. Grisez doaz aktoreak, eta ezer gehiagorik ez eszenan. Laino moduko batean dena. Jokin Oregi zuzendariak azaldu du hautua: «Hain zuzen ere, gure ideia zen hitzari ematea garrantzia. Antzezlana bertsotan izanik, kendu nahi izan dugu distortsioa sor dezakeen guztia, pertsonaiak eta beren hitzak gera daitezen bistan».
Arrastotik atera nahia
Handia izan da erronka, Apaolazaren arabera. Ohituta dago testuak ikastera, baina berezia izan da oraingoa. Metodoa, betikoa: «Ikasi, ikasi eta ikasi». Esperimentu bat izan dela dio, eta berea dela pertsonaiarik dramatikoena: suizida. «Paulek [pertsonaiak] aspaldi erabaki zuen bere buruaz beste egitea, gaixotasun genetiko bat duelako, eta gainbeherari aurre hartu nahi dionez, 60 urterekin bere buruaz beste egitea erabaki du. Ez du iritsi nahi bere aita iritsi zen puntura». Umorea ere badu pertsonaiak tarteka, baina gozoari gatz puntua jartzen diote haren bakarrizketek.
Ez Dok Hiru Bikoteatroarekin egindako ibilbidetik apur bat urrundu dela aitortu du Telleriak. Umorea izan dute tresna nagusi azken urteetan Martinezek eta berak Euskarazetamol, Larru haizetara, Euskara sentzilloaren manifestoa eta Lingua Navajorum ikuskizunetan, eta Donostia Antzerki saria ere jaso berri dute azken horregatik. Orain, bestela aritu nahi izan dute.
Apirilean Lekeition izango dira, irailean Gernikan, urrian Donostian, eta azaroan Basaurin.