Katuajeak

Teknikariaren azken txosten amestua

Lorea Agirre.
2011ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Euskal Herrian sortutako euskarazko kultura-industriek urtean 30.000 milioi eurotik gorako ekarpena egiten dute batez beste, hau da, Euskal Herriko BPGaren % 2,8, Manuel Santos Redondo irakasleak koordinatutako eta Fundacion Telefonica/Ariel Bilduman argitaratutako Euskaraz diharduten industria kulturalen ekonomia liburuaren arabera.

Euskara hizkuntza global gisa lantzen duen azterlan zabal hori kultura-industriek Euskal Herriko ekonomian duten indarra eta, halaber, industria horiek hizkuntza eta kultura euskaldunaren nazioartekotzea errazten duen tresna gisa nazioartean duen hedapenean duten eragina zehazten duen lehen lana da.

Liburuak islatzen duenez, gure hizkuntza indar handiko motorra da gure kultura arte eszenikoen (antzerkia, musikalak eta opera), musika grabatuaren eta zuzeneko musikaren, zinemaren eta bideoaren, telebistaren eta irratiaren, liburuen, prentsaren eta aldizkarien, artxiboen eta liburutegien, hizkuntza-turismoaren, jostailuen eta bideo jokoen, publizitatearen eta informatikaren kontsumo masiboaren aroan garatzeko. Euskara eremu geolinguistiko garrantzitsua da, eta argitalpen-industriako produktuak eta euskaraz sortutako eta zabaldutako ikus-entzunezko edukiak trukatzen dira bertan. Hori, gainera, bat dator sortzeko talentuaren eta zabalkunde profesionalaren eskaintza handiarekin.

Krisialdi ekonomikoa gorabehera, Euskal Herriko kultura-kontsumoak eutsi egin dio. Emaitzek berresten dutenez, teknologia berriak kultura zabaltzeko tresna gisa ezarri dira. Kulturaren eta aisia aktiboaren inguruko jardueren artean, arte plastikoei lotutakoak nabarmentzen dira, hala nola argazkigintza edo pintura.

Kultura Sailak Euskal Herriko kultura-ohiturei eta jarduerei buruzko 2010-2011ko inkesta landu du. Estatistika Plan Nazionalaren barnean hartuta dagoen estatistika ofizial bat da, eta euskaldunen kultura-eskaintzaren inguruko ohiturei eta jarduerei eta, azken batean, kontsumoari buruzko azterketa xehatu bat osatzen du.

Inkestaren barruan, 15 urtetik gorako 16.000 laguni egin zaizkie elkarrizketak, eta, horietatik ondoriozta daitekeenez, Euskal Herriko herritarrentzat interesik handiena duten kultura-jarduerak musika entzutea, irakurtzea eta zinemara joatea dira. Azpimarratu beharra dago egindako azken inkestatik (2006-2007ko datuekin) gora egin dutela erakusketa, monumentu, aztarnategi eta artxiboetara joan direnen urteko tasek.

Era berean, liburutegietara joan direnen kopuruak nabarmen egin du gora —Internet bidez sartzeko aukerak bereziki kontuanhartuta—, baita urteko irakurketa-tasek ere. Arte eszenikoei dagokienez, azpimarratu beharra dago ballet —edo dantza—ikuskizunetara joan direnen kopuruak bilakaera ona izan duela. Aitzitik, antzerkira, operara, zarzuelara edo kontzertuetara joan direnen urteko tasek behera egin dute zertxobait. Bestalde, zinemara joan direnen kopurua txikiagoa izanik ere, zalerik gehien duen kultura-ikuskizuna da oraindik, zalantzarik gabe. Hortaz, ondoriozta daitekeenez, krisialdi ekonomikoak ez du eraginik izan euskaldunen kultura-kontsumoari lotutako ohituretan».

Eusko Jaurlaritzaren Kulturkaria webgunean eskegi du kultur teknikariak azken txosten hau. Azkena, hogeita hamaika urte hainbat administraziotan kultura eta euskarako sailetan, kontseilu eta batzordetan lanean jardun eta gero, erretreta hartuko duelako azaroa hastearekin batera. Azkena, eta definitiboa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.