Katuajeak

Teknikariaren azken txosten etsia

Lorea Agirre.
2011ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Kultur teknikariak joan den astean Eusko Jaurlaritzaren Kulturkaria webgunean eskegi zuen txostena azkena eta definitiboa zen. Azkena, eta amestua. Errealitate triste temosoari iskin egiten saiatu da teknikaria. Behingoz, kontuak izatea nahiko lukeen moduan jaso ditu txostenean, ez benetan diren moduan. 31 urte euskal kulturari emana, erkidego estatutu aro oso bat, eta ezin etsi herri honen kulturaren diagnosiak argazki eder bat agertu dezanarte. Idatzian gutxienez, txostenean. 31 urtetan egindako lanak eman ez baina eman beharko lituzkeen edo zitzakeen emaitzak papereanbederen jasoak geratu dira.

«Euskal Herrian sortutako euskarazko kultura-industriek urtean ez dio kontuan hartzeko moduko ekarpenik egiten BPGari,Euskaraz diharduten industria kulturalen ekonomia liburuak argi utzi zezakeenez inoiz idatzi izan balitz. Euskara hizkuntza global gisa lantzen duen azterlan zabal hori kultura-industriek Euskal Herriko ekonomian duten ahulezia eta, halaber, industria horiek hizkuntza eta kultura euskaldunaren nazioartekotzean batere eraginik ez dutela zehazten duen lehen lana izan zitekeen. Liburuak islatu zezakeenez, gure hizkuntza ez da indar handiko motorra ez arte eszenikoen (antzerkia, musikalak eta opera), ez musika grabatuaren eta zuzeneko musikaren, zinemaren eta bideoaren, telebistaren eta irratiaren, liburuen, prentsaren eta aldizkarien, artxiboen eta liburutegien, hizkuntza-turismoaren, jostailuen eta bideo jokoen, publizitatearen eta informatikaren kontsumo masiboaren aroan garatzeko. Euskara eremu geolinguistiko ez-deusa da, eta argitalpen-industriako produktuak eta euskaraz sortutako eta zabaldutako ikus-entzunezko edukiak ez dira trukatzen bertan. Hori, gainera, bat dator zabalkunde profesionalaren eskaintza eskasarekin.

»Oparoaldi eta krisialdi ekonomikoa gorabehera, Euskal Herriko kultura-kontsumoak ez dio eutsi. Emaitzek berresten dutenez, teknologia berriak kultura zabaltzeko tresna gisa apenas duten presentziarik. Kulturaren eta aisia aktiboaren inguruko jardueren artean, arte plastikoei lotutakoak apenas nabarmentzen diren, berdin argazkigintza eta pintura ere. Gainontzekoak ezta hori ere. Kultura Sailak Euskal Herriko kultura-ohiturei eta jarduerei buruzko 2010-2011ko inkesta landu zezakeen. Estatistika Plan Nazionalaren barnean hartuta legokeen estatistika ofizial bat litzateke, eta euskaldunen kultura-eskaintzaren inguruko ohiturei eta jarduerei eta, azken batean, kontsumoari buruzko azterketa xehatu bat osa zezakeen.

»Inkestaren barruan, 15 urtetik gorako 16.000 laguni egin zekizkiekeen elkarrizketak, eta, horietatik ondoriozta zitekeenez, Euskal Herriko herritarrentzat interesik handiena, gutxi hala ere, duten kultura-jarduerak musika entzutea, irakurtzea eta zinemara joatea dira. Azpimarratu beharra dago egin zitekeen azken inkestatik (2006-2007ko datuekin) behera egin dutela erakusketa, monumentu, aztarnategi eta artxiboetara joan direnen urteko tasek.

»Era berean, liburutegietara joan direnen kopuruak nabarmen egin du behera —Internet bidez sartzeko aukerak bereziki kontuan hartuta ere—, baita urteko irakurketa-tasek ere. Arte eszenikoei dagokienez, azpimarratu beharra dago ballet —edo dantza—ikuskizunetara joan direnen kopuruak bilakaera txarra izan duela. Ildo beretik, antzerkira, operara, zarzuelara edo kontzertuetara joan direnen urteko tasek behera egin dute. Bestalde, zinemara joan direnen kopurua txikiagoa izan da,zalerik apenas duen kultura-ikuskizuna da, inondik ere. Hortaz, ondoriozta daitekeenez, krisialdi ekonomikoak ez du eraginik izan euskaldunen kultura-kontsumoari lotutako ohituretan, kultura-kontsumo ohitura ez delako apenas existitzen».

Lehenengo txostena amestua bazen, amestua eta edertua, honakotxosten hau asmatua da. Etsitasunetik asmatua. Biak papereko, biak gezur. Bata irabazle, bestea bentzutu. Baina, errealitatearen errelatoa asmatutik gertuago ez ote dagoen amestutik baino. Hogeita hamaika urte eta gero: ametsak ziren handiegiak edo emaitzak dira txikiegiak? Kalkulutxarra egin zen, edota politika ekimen eta gogoa ez dira behar adinaeraginkor izan?

Lagun batek esan dit: beste hogeita hamaika urte, eta kito. Epe horretan euskararen eta euskal kulturaren kontsumo, sormen, erabilera eta ohiturak emendatzen ez baditugu, bota dezagun krisketa, itxi dezagun txosna, zerratu dezagun atea. Egin dezagun deklarazio solemne bat euskararen eta kulturaren aldeko gure jarduna behin-betiko amaitzea erabaki dugula esateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.