Amona Mariak 85 dauzka, eta ez da libro edadean gora egiteak dakartzan ajeez. Haatik, ez dirudi alzheimerra duenik, bere familiak hala pentsatzen duen arren, edo hobeto esanda, hala pentsatu nahi duen arren. Baina hartu dute erabakia: zaharren egoitza batera eramango dute. «Edadeko jendearen inguruan sortzen diren deserosotasunetan» oin hartu du Telmo Esnalek (Zarautz, Gipuzkoa, 1967) Urteberrion, Amona! filma idazteko. Hil honen amaieran hasiko da grabatzen, Donostian, Asier Altunarekin (Bergara, Gipuzkoa, 1969) batera.
Aupa Etxebeste! komedia egin zuten Esnalek eta Altunak duela sei urte. Ordea, Urteberrion, Amona!-k drama uneak ere badituela ohartarazi du Esnalek. «Beltza da; azken partea, batez ere». Egoera batzuk muturrera eramango dituzte. «Eta txiste batzuek grazia izan dezakete, baina mugara eramaten direnean, batere graziarik ez dute». Barrea eragin nahiz zer pentsatua emango duen lana izango da. Baina Esnalek garbi du «pertsonaia batzuen filma baizik ez» dela. «Intentzioa ez da istorio unibertsal bat kontatzea», adierazi du.
Montserrat Carulla kataluniarra izango da Amona Maria. Familia osoaren erabakiz amaituko du egoitza batean, baina batez ere Joxemarirekin (Pedro Otaegi aktorea) talka egingo du. Ofizioz, taxi gidaria da Joxemari; eta afizioz, ehiztaria. Amona Mariaren alabarekin ezkonduta dago, Mirentxurekin (Kontxu Odriozola). Miren (Nagore Aranburu) da bien alaba; eta Mirenen senarra, berriz, Kintxo (Josean Bengoetxea). Kintxok ere zerikusia izango du amona erditik kentzeko maniobrarekin.
Baina familiak, ente bezala, garrantzi handia izango du filmaren abiaburuan eta garapenean. Lau belaunaldi azalduko dira pelikulan, bilobei ere tartea egin baitiete.
Amona ez beste guztiak hirian bizi dira. Eta hiriko eszenak filmatzeko Donostia hautatu dute Esnalek eta Altunak. «Postaletako Donostian» grabatuko dituzte sekuentzia gehienak: Kontxan, portuan, Bulebarrean... Ondorioz, filmean, Donostia «oso ñoñostia» azalduko dela dio zinemagileak.
Irailerako prest
Zehazki, hilaren 21ean hasiko dute filmaketa, etadena ondo bidean, Donostian hiru astez grabatu ondoren, Berako edo Etxalarko (Nafarroa) etxeren batera joango dira, barrualdeko eszenak filmatzeko asmoz.
Eguberrietan girotutako filma izaki, udaberria iritsi aurretik grabatu behar dute. Zazpi aste iraungo du filmaketak, tartean gorabeherarik ez bada. Benidormera ere (Herrialde Katalanak) joango dira pare bat egunez, zenbait eszena jasotzera. Alabaina, ez dezala inork pentsatu Amona Maria horrenbeste adinekok gustuko duten kostako herri horretara oporretan eramango dutenik. «Denak joango dira, bera zaharren egoitzan utzita».
Uztailerako filma muntatua eduki nahi du Esnalek. Eta uda amaieran, jaialdietara bidaltzen hasi. Donostiako Zinemaldira aurkeztuko du, halaber. «Ea aukeratzen duten», esan du.
Telmo Esnal «komedia beltz bat» filmatzen hasiko da
'Urteberrion, Amona!' filma Donostian grabatuko du Asier Altunarekin, hilaren 21etik aurrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu