Kritika. Musika

Terapia lana

Nadine Shah-ren 'Filthy Underneath' diskoaren azala.
2024ko apirilaren 7a
05:10
Entzun

NADINE SHAH

'Filthy Underneath'
Diskoetxea: EMI Records.

Nadine Shah berpiztu egin da, ez bere errautsetatik, baizik eta bere mendekotasun eta buru arazoetatik. Kitchen Sink (2020) argitaratu berria zuenean hil zitzaion ama, minbiziarekin. Aurreko lan hark, pandemiaren isolamenduarekin, depresioarekin, dibortzioarekin eta alkoholaren eta pilulen gehiegikeriarekin batera, bere buruaz beste egingo zuela iragartzen zuen tweet bat idaztera bultzatu zuen. Asmo gaiztoen azalpen publiko horrek aktibatu zituen laguntza-mekanismo guztiak, eta bere managerrak bultzatu zuen errehabilitazio eta buru-osasuneko zentro batean sartzera, musikariaren burua zaindu eta deabru guztiak uxatzeko asmotan. Bi asteko desintoxikazio-prozesu bat izango zela zirudiena bi hilabeteko terapia-aldi bihurtu zen, eta disko mingarri hau prestatzeko zuzeneko inspirazio-iturri izan da.

Hau jakinda, argi dago Filthy Underneath ez dela nolanahiko diskoa. Arduraz eta arretaz entzutea eskatzen duen lana da. Horrela bakarrik aterako duzu izenburu esplizituak aipatzen duen ezkutuko zabor hori guztia. Horrela bakarrik azaleratuko da gizakiaren etsipenean aurki dezakegun edertasun gordina; hondoa jo eta erredentzio eta laguntza bila dabiltzan pertsonen istorio gogorrak. Gainera, diskoak bere ahotsa aurkitu omen duen Nadine Shah bat erakusten du. Erredentzio-prozesu horretan guztian, Nadine bera konturatu da ez duela merezi gehiago korapilatzea kantatzeko orduan, eta, horregatik, beldurrik gabe interpretatu ditu honako honetan kantuak, lehenago eman gabeko notak lortu ditu, eta, proiektatzeko orduan, edozein muga kendu du. Lehen tonu baxu eta ilunen zale zena, orain erregistro altuagoetan plazera sentitzera iritsi da. Topless Mother azkarra eta Greatest Dancer epikoa entzun besterik ez da egin behar, erregistro berri horrek mila gauza zoragarri sentiarazten dizkiola ohartzeko.

Bistan da, beraz, Filthy Underneath-en Nadine Shah-k beste dimentsio hedakorrago bat lortu duela, bai interpretazioari bai gaien osaketari dagokienez. Maila horren bidez, bere garaikideei begiratu ahal izango die, hala nola St. Vincent, Bat For Lashes edo Julia Holterri, eta orain haiekin alderatu ahal izango dugu, inongo zalantzarik gabe. Eraldatze prozesu horren zati bat Ben Hillier produktore eta bateria jotzailearen ardura ere bada, hark lagundu baitzion bere proposamenaren ikuspegi hedakorragoa, askotarikoagoa, alaiagoa eta erritmikoagoa ematen.

Terapian egon zen bi hilabete horietan gainerako pazienteekin izandako behaketan eta bizipenetan oinarritutako lan berria da honakoa. Soiltasun eta hausnarketa asteak izan dira, eta emaitza gisa urte honetan izan dugun diskorik ausart eta interesgarrienetako bat ekarri du. Urteko ezinbesteko bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.