Mario Monicelli zuzendari italiarraren eta 1920ko hamarkadako Japoniako zinema beltzaren atzera begirakoez gain, Terence Davies zuzendariarena ikusteko aukera izango da aurten Donostiako Zinemaldian. Hala jakinarazi dute gaur Donostian, Zinemaldiaren antolatzaileek.
Zuzendari ingelesaren obra aitzindaria da; fikzioa, autobiografia eta dokumentala erabiliz ikusentzunezko hizkuntza berriak bilatzera zuzentzen baita. Ia zortzi urtetan isilpean egon ostean, pasa den Cannesko zinemaldian lan berri bat aurkeztu zuen Daviesek: Of time and the city. Oso kritika onak jaso zituen dokumentalak, eta “azken urteetako zinemaren proposamenik argien eta hunkigarriena” bezala definitu zuten.
Atzera begirakoaren bidez, Daviesen obrari errepasoa egingo diote, hau da, 1984 eta 2008 artean egin dituen lanei. Besteak beste, 1988ko Distant Voices, Still Lives edo 1992ko The long day closes filmak aipa daitezke, biak sarituak izan baitziren, hainbat zinemalditan.
Historia eta emozioak dira Daviesen obraren ezaugarri nagusiak, eta bere narratiba kamara mugimenduetan, enkuadreetan eta aktoreekin egiten duen lanean oinarritzen da. Denbora, homosexualitatea, eta senitartekoen arteko harremana dira gehien jorratzen dituen gaiak. Musikak ere garrantzia handia dauka bere filmeetan, eta batez ere abesti klasikoak erabiltzen ditu: Nat King Cole, Peggy Lee o Doris Day artisten lanak, esaterako.
Kultura
Terence Daviesen obraren atzera begirakoa Zinemaldian
Lehenago iragarri zituzten beste bi ere izango dira: Mario Monicelliri buruzkoa eta 1920ko hamarkadako Japoniako zinema beltzaren ingurukoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu