Hogeitabosgarren urtemuga borobila igarota, beldurrezko eta fantasiazko filmez josita dator aurtengo aldia ere, urriaren 31tik azaroaren 6ra bitartekoa. Aurkezpen ofiziala egin dute gaur, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Josemi Beltran zuzendariak nabarmendu duenez "gazteria, nostalgia zein historia eta terrorearen esentzietarako itzulera" izango ditu ardatz nagusi aurtengo jaialdiak. Terry Jones aktore eta zinemagile galesak zuzendutako Absolutely Anything filmak zabalduko du ekitaldia, urriaren 31n. Monty Python taldeko kidea da Jones, 'Life of Brian' (1979) zuzendu zuena. "Fantasiazko komedia dibertigarria" da filma, Beltranen hitzetan. Haren ondotik, beldurrezko eta fantasiazko zinemaren adar desberdinak, "ia denetarik" jorratzen dituzten pelikulak emango dituzte. Gehienak AEBetako ekoizpenak dira; esaterako, Henry Hobsonek zuzendu eta Arnold Schwarzeneggerrek protagonizaturiko Maggie. "Batere ohituak ez gauzkan rol batean ikusiko dugu". Corin Hardy ingelesaren The Hallow-ek generoaren alderik klasikoena erakutsiko du, "makillje tradizionalarekin landutakoa baita", Bernard Rose estatubatuarrak aurkeztuko duen Frankestein-en tankeran.
"Zomorroen" ingurukoa da Benni Diez alemaniarraren Stung; Japoniako ekoizpenak dira Keiichi Hararen Miss Hokusai, Hideo Nakataren Ghost Theater, Sion Sonoren Tag eta Shinji Higuchiren Attack On Titan eta Attack On Titan: End of the World. Robert Eggers estatubatuarraren The Bitch, Jaon Henrie-McCrearen Curtain, Ted Geogheganen We Are Still Here, hiru zuzendari alemaniarrek (Jorg Buttgereit, Michael Kosakowski eta Andreas Marschall) elkarrekin osaturiko German Angst eta Turbo Kid Kanada eta Zeelanda Berriko ekoizpena dira beldurrezko eta fantasiazko aurtengo ekoizpenen artean nabarmendu eta Donostian ikusgai egongo direnetako beste batzuk.
Film laburren maratoiak
Sail ofizialaz gain, film laburrez osaturiko hiru maratoi izango dira. Nazioartekoan 14 film laburrek hartuko dute parte, eta ohiko hiru sariak emango dira: Publikoaren Saria (1.000 euro), Nazioarteko Epaimahaiaren Saria (1.000 euro) eta Gazte Epaimahaiaren Saria. Film laburretan AEBeko filmak jarraitzen dute gehiengo izaten baina Europako gehiago ikusi ahal izango dira, Frantzia, Suitza nahiz Suediakoak , adibidez. Animaziozko film laburren lehiaketan 9 lanek parte hartuko dute. Ikusleek erabakiko dute zeinek eramango duen saria (1.000). 9 lan horien artean Aitor Oñederraren I Said I Would Never Talk About Politics lana egongo da ikusgai. Azkenik, Espainiako film laburren saila ere osatu dute antolatzaileek. Zortzi film izango dira eta tartean sartu dute Haritz Zubillagaren 'The Devil on Your Back' lana.
Omenaldia eta zikloa
Aurtengo Asteak ziklo bat ere propio atondu du. Azken urteotan beldurrezko zinemaren arloan ospe gehien hartu duen generoetako bat landuko du, dokumental faltsuena alegia. The Blair Witch Project (Daniel Myrick eta Eduardo Sanchez, 1999) eta [REC] (Jaume Balaguero eta Paco Plaza, 2007) filmen arrakastaren ondotik, beldurrezko eta fantasiazko generoa dokumental faltsuez (mockumentarys) eta era guztietako aurkitutako metrajeko (found footage) filmez beteta daude. Horietako sei erakutsiko dituzte aurtengo ziklo berezian. Horrez gain, jaialdiak keinu bat egin nahi dio aurten bertan zendutako Wes Craven zinemagile estatubatuarrari. Omenaldia egiteko, bere The Hills Have Eyes (1977) eskainiko dute.
Sail ofizialeko filmen zerrenda
Inaugurazioa: 'Absolutely Anything' (Terry Jones, Erresuma Batua / AEB).
Bukera (Lehiatik kanpo): 'The Vatican Tapes' (Mark Neveldine, AEB).
Leihatik kanpo: - 'Euskal Harriaren ABDak (Kolektiboa, Euskal Herria).
-'La Semana (The Movie)' (Ruben Sainz, Euskal Herria).
Leihaketako besteak:
-'Baskin' (Can Evrenol, Turkia / AEB).
-Bridgend (Jeppe Ronde, Danimarka).
-'The Whitch (Robert Eggers, AEB ( Kanada).
-'Curtain' (Jaron Henrie-McCrea, AEB).
-'Frankenstein' (Bernard Rose, AEB).
-'German Angst' (Jorg Buttgereit, Michael Kosakowski eta Andreas Marschall; Alemania).
-'Ghost Theater / Gekijourei' (Hideo Nakata, Japonia).
-'The Hallow' (Corin Hardy, Erresuma Batua).
-'Howl' (Paul Hyett, Erresuma Batua).
-'I Am Your Father' (Toni Bestard, Marcos Cabota, Espainia).
-'Maggie' (Henry Robson, AEB).
-'Martyrs' (The Goetz Brothers, AEB).
-'Miss Hokusai' (Keiichi Hara, Japonia).
-'Stung' (Benni Diez, Alemania).
-'Stummer Camp' (Alberto Marini, Espainia).
-'Tag' (Sion Sono, Japonia).
-We Are Still Here (Ted Geoghegan, AEB).
Egitarau osoa: http://www.donostiakultura.com/terror/2015/