Margaret Thatcher Erresuma Batuko lehen ministro ohiaren familiak uko egin dio The Iron Lady (burdinazko dama) filmaren estreinaldira joateari. Gaur gauean emango dute lehen aldiz, Londresen, eta herrialdeko aretoetan bihartik aitzina izango da. Meryl Streep aktoreak Thatcherren rola egiten du filmean.
Phyllida Lloyd zuzendariak azaldu du Thatcherren seme-alaba Carol eta Markek estreinaldirako gonbita jaso zutela baina baztertu egin dutela. "Ulertzen dut haiek filma jendaurrean ikusi nahi ez izatea", esan du Lloydek.
Zuzendariak adierazi du sendiak ez duela proiektuan parte hartzerik nahi izan, baina esan du Carol Thatcherren autobiografian oinarri duela pelikulako gidoia. Politikari ohiaren laguntzaile izandako batzuek filma asko kritikatu dute, lanean askotan aipatzen delako emakume haren gaixotasun bat. Lloydek dio "duintasun handiz" tratatu dutela pertsonaia.
1979-1990 artean izan zen Erresuma Batuko lehen ministro Thatcher (1925), alderdi kontserbadoretik. Kargu horretan izandako lehen emakumea izan zen.