'The Artist' film mutua da Urrezko Globoetarako faboritoa

Hazanavicius zuzendari onenaren sarirako hautatu dute, Scorsese, Allen, Payne eta Clooneyrekin batera

Erredakzioa
2011ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Michel Hazanavicius zuzendari frantziarraren The Artist zuri-beltzeko film mutua da Urrezko Globoak irabazteko hautagai sendoena. Sei saritarako hautatu dute, horien artean, musikal edo komedia onena, zuzendari onena, gidoi onena, musika onena eta aktore onenak (Jean Dujardin eta Berenice Bejo). Atzetik doaz Alexander Payneren The Descendants eta Tate Taylorren The Help filmak, biak bost saritarako hautatuak.

Zuzendari onenaren sarirako, Hazanavicius zinemaren munduko beteranoekin lehiatuko da, hau da, Martin Scorseserekin (Hugo Cabret), Woody Allenekin (Midnight in Paris), Paynerekin eta George Clooneyrekin (The Ides of March).

Urrezko Globoen drama sailean, gizonezko zein emakumezko aktoreen artean lehia handia dago aurten; izan ere, kritika onak jaso dituzte gehienek zinema jaialdietan. Gizonezko aktore onenaren sarietara honako hauek hautatu dituzte: Leonardo DiCaprio (J. Edgar), Michael Fassbender (Shame), Ryan Gosling (The Ides of March), George Clooney (The Descendants) eta Brad Pitt (Moneyball). Emakumezkoen artean, berriz, Glenn Close (Albert Nobbs), Viola Davis (The Help), Rooney Mara (Millenium), Meryl Streep (Iron Lady) eta Tilda Swinton (We Need to Talk About Kevin) lehiatuko dira.

Lehia berdinen artean

Musikal edo komedia saileko emakumezko aktore onenaren sarietarako lehia bitxia sortu da, izan ere, Carnage-eko Jodie Foster eta Kate Winslet sari bererako hautatu dituzte. Antzekoa gertatu da taldeko aktore onenaren sarietarako, The Help-eko bi aktorerekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.