Hemengo zein atzerriko musika taldeak bilduko ditu WOP Walk On Project jaialdiak gaur eta bihar Bilbon, Casillan. El Inquilino Comunista, Doctor Deseo, Los Enemigos eta The Hives ariko dira gaur, eta The Dream Syndicate, The Jayhawks, The Right Ons eta Soul Asylum bihar. 19:00etan hasiko dira emanaldiak.
Mentxu Mendieta eta Mikel Renteria senar-emazteen ekimenez antolatu zuten WOP jaialdia aurrenekoz, iaz, Durangon. Adrenoleukodistrofia du haien semeak. Duela lau urte diagnostikatu zioten gaitza, eta ordudanik ahalegin ugari egin dituzte neuroendekapenezko gaixotasunen ikerketa bultzatzeko.
Xede horrekin antolatu dute aurten ere WOP jaialdia; irabaziak ikerketetara bideratzeko asmoz, alegia. Nolanahi den, argi utzi dute musikariek kobratu egingo dutela.
Talde sonatuak ikusteko aukera izango da Casillan asteburuon. The Dream Syndicate 1989an desegin zen, baina bihar berriz joko du. Ustekabe ederra jaso dute zaleek, inor gutxik espero baitzuen rock talde estatubatuarra berriro biltzea. Baina The Days of Wine and Roses jarraitzaileek horren gogoko duten diskoaren 30. urtemugarekin bat eginez elkartu dira Steve Wynn taldeko abeslari eta liderra, Dennis Duck bateria jotzailea, Mark Walton baxu jotzailea —1984an Medicine Show kaleratu ondoren hasi zen taldean— eta Jason Victor gitarrista.
Rock amerikarra ekarriko du Bilbora, halaber, The Jayhawksek. Azken lana aurkeztuko dute WOPen, Mockingbird Time, baina horrekin batera beren ibilbidean arrastoa utzi duten abestiak ematea espero dute zaleek, hala nola Blue (Tomorrow The Green Grass diskokoa) eta Big Star (Sound of Lies lanekoa).
Euskal taldeek ere emanaldi bereziak egiteko asmoa agertu dute. Doctor Deseok «bestelako kontzertua» emango duela esan du Francis Diez abeslariak. 2014a arte gutxienez ez du Bilbon halako kontzerturik emango. Cartografía imposible azken diskoa aurkezteko beren-beregi prestatutako emanaldiak baino ez ditu egingo, antzokietan.
Egun osoko egitaraua
Sarrerak txarteldegian bertan erosteko aukera izango da, baina hamalau urtez azpikoek ez dute ordaindu beharrik izango. Izan ere, egun osoko egitaraua prestatu dute antolatzaileek. «Familian ondo pasatzeko» askotariko ekitaldiak izango dira: umeentzako tailerrak, puzgarriak, rokodromoa eta beste. Herri bazkaria ere egingo dute.
Izan ere, WOP ez da musika jaialdi hutsa. Giro jakin bat sortu nahi dutela nabarmendu dute antolatzaileek. Endekapenezko gaitz bat duen hurkoren bat izateak sortzen duen sufrimenduaribestelako jarreraz aurre egin nahi diote, eta eritasun horiei gaina hartu ahal izateko ikerketa bultzatzeak daukan garrantzia azpimarratu nahi dute, kontzientziak piztu.
The Dream Syndicate, The Jayhawks eta Doctor Deseo bilduko ditu WOPek Bilbon
The Right Ons, Soul Asylum, The Hives eta El Inquilino Comunista ere izango dira, Casillan, gaur eta bihar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu