Antoine Fuquak zuzendutako The Equalizer akziozko filmaren emanaldiarekin abiatu da gaur goizean Donostiako 62. Nazioarteko Jaialdia. Thriller bortitz bat da The Equalizer, eta Denzel Washington du aktore nagusi. Estatubatuarrak gaur gauean jasoko du Donostia Saria Fuqua beraren eskutik.
Robert McCallek brikolaje saltoki handi batean lan egiten du, eta diziplina eta ohitura finkoetan oinarrituta bizitza arrunta darama. Gauero joaten da kafetegi batera kamamila bat hartzera eta liburu bat dauka eskuan beti. Kafetegi horretan ezagutuko du Alina, mehatxupean bizi den prostituta errusiarra. Egun batean jipoitu egingo dute Alina eta McCallek erabakiko du ezin duela ezer egin gabe jarraitu.
Ez da hau Washingtonek eta Fuquak elkarrekin lan egiten duten aurreneko aldia. Hain zuzen ere, bien arteko kolaborazio batek (Training Day, 2001), aktore onenaren Oscarra eman zion Washingtoni.
Sail Ofiziala gaur abiatu bada ere, Urrezko Maskorra lortzeko lehia bihar hasiko da. La isla minima (Alberto Rodriguez), Stille hjerte (Bille August) eta Une nouvelle amie (François Ozon) izan dira lehiatzen lehenak.