Kultura

The Jayhawks eta Paco Ibañez, Txillida Lekuko udako programazioan

Eva Guerreroren dantza konpainia, Lina & Raul Refree, Xoel Lopez eta Gerhard Quartet ere izango dira Hernaniko (Gipuzkoa) museoan, eta Pucciniren La Bohème operaren bertsio gaurkotu bat ere taularatuko dute.

Paco Ibañezek uztailaren 30ean kantatuko du Txillida Lekun. BERRIA
mikel lizarralde
2021eko maiatzaren 20a
16:04
Entzun

Txillida Leku museoak artea, zinema, musika, dantza eta bestelako diziplina artistikoak uztartuko ditu udako programazioan; gaur aurkeztu du.

Egitarauak ekainetik irailera iraungo du, eta, hain zuzen ere, udako solstizioarekin batera hasiko da, ekainaren 20an. Egun horretan, Eva Guerrero dantza konpainiak Gorpuztu dantza garaikideko ikuskizuna emango du. Museoko arduradunek azaldu dutenez, «lasai egoteko, zarata isilarazteko, karga eta errua arintzeko, animaliak lasai lo egiten duen lekua aurkitzeko borroka» irudikatzen du obrak. Garazi Lopez de Armentia dantzaria arduratuko da Guerreroren ideia eta koreografia oholtzan hezurmamitzen.

Ekainaren 24an, 25ean eta 26an, Katapulta Tour programarekin elkarlanean, hiru musika emanaldi programatuko dituzte: Sara Azurza (24an), Ramona's First Evil Boyfriend eta Martin de Marte (25ean) eta Mugan eta Mihise (26an).

Uztailaren 8an izango da The Jayhawks AEBetako musika taldea Txillida Lekun. The Jayhawks Gary Lourisek eta Mark Olsonek sortu zuten, 1980ko hamarkadaren erdialdean, eta, batik bat 1990eko hamarkadaz geroztik, sustrai amerikarreko musikaren ordezkari nagusietako bat bilakatu da Tomorrow The Green Grass, Sound of Lieseta Rainy Day Music diskoei esker. Taldearen azkeneko diskoa XOXO da.

Uztailaren 10ean, Lina fado kantari portugaldarra eta Raul Refree musikari katalana elkarrekin ariko dira Hernaniko museoan, eta, uztailaren 30ean, Paco Ibañezen txanda izango da. Emanaldi horretan, kantariak bere ibilbideko pieza ezagunak interpretatuko ditu berriro erek, eta George Brassens ere gogora ekarriko da, haren jaiotzaren mendeurrena betetzen baita aurten.

Uztailaren 31n, Xoel Lopez musikari galiziarrak Si mi rayo te llegara diskoa aurkeztuko du seikote batekin batera, eta, abuztuaren 1ean, Emiliano Suarezek eta Macarena Bergaretxek Pucciniren La Bohème opera ekarriko dute. Opera horren «garaje bertsioa» izango da, Txillida Lekuko arduradunek azaldu dutenez. «Entzuleria zabal eta berritu batera hurbiltzeko prestatu eta pentsatutako proiektua da. Proposamen harrigarria, espiritu bitxi guztien eskura dagoen formatu ezezagunean».

Gerhard Quartet laukotea abuztuaren 22an ariko da Txillida Lekun, Donostiako Musika Hamabostaldiaren programazioaren barruan, Xoxtakovitxi eskainitako programa batekin, eta, azkenik, Kanpai dantza konpainiak Lathé Biosas ikuskizuna erakutsiko du abuztuaren 28an.

Ekitaldiez gain, bestelakoak ere antolatuko dituzte udan: udaleku artistikoak, yoga saioak, zinema emanaldiak eta beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.