Iban Zaldua.
Elefanteen zimiterioa

The Kinksen hiru disko

2024ko martxoaren 3a
05:10
Entzun

Itoizek bere abesti hartan zeharka planteatzen zuen The Clash eta Sex Pistolsen arteko balizko alternatibaren kasuan nire erantzuna (eta ia edonorena, imajinatzen dut) argia litzatekeen bezala (The Clash, noski), The Beatlesen eta The Rolling Stonesen arteko klasikoaren aurrean askotan gogoa izaten dut «The Kinks» batekin erantzuteko: Liverpoolekoen karrera laburraren distira eztandagarria paregabea da, ados, eta Stonesen arrakastak rock izar bezala elkarrekin jarraitzeko erregulartasunaren sari bat merezi du, gutxienez; The Kinks taldearen ibilbidea, alde horretatik, gorabeheratsuagoa izan da. Baina The Beatles baino karrera luzeagoa izan dute, eta Stonesek baino album hobeak argitaratu, beraz, kantetan neurtu ezkero, nik ez daukat dudarik, The Kinks irabazle. Gordintasunagatik eta fineziagatik, harira etortzeagatik (beharrezkoa denean) eta ironiagatik (horretan txapeldunak ziren), sentimentalismoagatik eta kostunbrismoagatik (hitzen zentzu onenean betiere). Eta, batez ere, eboluzionatzeko ahalmenagatik: batzuetan irrist egingo zuten, baina karreraren lehenengo hamarkadatan behin eta berriro probatu zituzten gauza berriak. Taldea 1963an eratu zen, Londresko Muswell Hill auzoan, Ray (kantari eta letrista nagusia) eta Dave Davies anaien inguruan, Mick Avory eta Pete Quaiferekin batera, eta Britainiar Inbasioaren protagonistetako bat bihurtu zen beat poparen garaiko beste hainbatekin (The Beatles, noski, baina baita The Animals, Dave Clark Five, Manfred Mann eta abat ere). Pack horretan, The Who eta The Troggsekin batera, hegal gogorra osatu zuten, You Really Got Me bezalako petardazoekin, batzuentzat heavy metalaren eta beste batzuentzat punkaren aitzindari izan zirenak. Baina, zorionez, The Kinks ez ziren horretan geratu —urrunago iritsiko ziren, agian, baldin eta Daviestarrek anaia liskartsuen tradizioari uko egin izan baliote: Oasiseko Gallaghertarrak dituzte, alde horretatik, oinordeko nagusi—. Hona, bada, hiru disko, hamarkada bakoitzeko bat, taldearen historia oparoa ezin dutenak laburbildu.

'The Kinks Are the Village Green Preservation Society'

Pye, 1968.

The Kinks / 'The Kinks Are the Village Green Preservation Society'
 

 

Taldea gutxienez bialbum lehenago hasi zen alboratzen hasierako rock gogorraren ildoa: desio sexualak eta maitasun erromantikoak hauspotutako hasierako power-poparen ordez, gizarte-iruzkinez beteriko urregintza fineko melodiak dira jada nagusi hemen, kantagintza tradizionalaren, barroko ingelesaren (klabikordio horiek!) eta are vaudevillearen kutsua erakusten dutenak, baina pop disko bat izateari utzi gabe inoiz. 1968a bezalako urte iraultzaile batean, rock musikaren eboluzioaren azelerazioarekin, desafio bat dirudi ia: taldeak atzera begiratzen du, (aspalditik) galtzen ari zen artzain-mundurantz eta hegemoniaren garaiko Britainia Handirantz; horretan jarraitu zuten sakontzen hurrengo albumean ere, 1969ko Arthur (or the Decline and Fall of the British Empire) nabarmenean. Baina ez du nostalgiaz begiratzen, malenkoniaz eta (horrek bihurtzen du perfektu) umore finaz baizik, Ray Daviesen kritika sozialerako abilezia lagun: kontserbatu beharreko auzo eta herrietako belardi publikoen iruditik abiatuta, argazki zahar eta berriez hitz egiten zaigu, lurrunezko trenez, abere-etxaldeez, eta jende arruntaren bizitza arruntaz. Ez dago kanta txarrik —izan ere, haien artean oso diferenteak badira ere, primeran daude elkarrekin kateatuta, homogeneotasun handia ematen diona diskoari—, baina titularra da guztiaren izpiritua laburbiltzen duena, betirako zaintza merezi duten betiko gauza ingelesen zerrenda komiko horrekin («Jainkoak gorde ditzala denda txikiak, portzelanazko kikarak eta birjintasuna»…). Inoizko nire hamar elepe gogokoenen zerrendan: horren emankor zeuden garai hartan ezen Days bezalako kantatzar bat sobratu baitzitzaien, albumetik kanpoko single bezala argitaratu zutena…

'Everybody's in Show-Biz'

RCA, 1972.

The Kinks / 'Everybody's in Show-Biz'

1970eko hamarraldiko The Kinksen haragitzeak 1960koak bezain askotarikoak izan ziren, hainbeste ezen lanak ematen baititu bat aukeratzeak: country-rockaren ildokoa? Music-hallaren gorazarrearena? Estadio-rockaren goren-unekoa? Bada, nik garai horretako diskorik neurrigabeena eta, ondorioz, glam-ena aukeratuko dut. Gehiegizko diskoa da alde askotatik: batetik, bikoitza da, binilo bat estudioan grabatuta, eta bestea zuzenean, 1972an bertan, New Yorken. Zentzua zuen: 1960ko hamarkadan, taldekideen jarrera liskartsuagatik, AEBetatik birak egitea galarazi zieten, eta indar betez (eta kontu gehiagorekin) berrekin zioten amets amerikarrari hamarkada berriaren hasieratik, debekua altxatu zietenean. Gehiegizkoa da, orobat, The Kinksen bertsio zabaldu batek grabatu zituelako diskoak: teklista batez gain (John Gosling), haize-sekzio bat batu zitzaien, The Mike Cotton Sound, atmosfera berezia gehitzen diena kantei. Batez ere zuzeneko diskoko bertsioei, adibidez Acute Schizophrenia Paranoia Blues edo Alcohol abestienei, baina baita estudiokoei ere, zeinetan, edonola ere, pianoa baita protagonista. Horrek guztiak narama esatera, album bikoitzaren teatraltasun orokorrarekin batera, hau, neurri handian, The Kinksen glam albuma dela, pil-pilean zegoen estiloa garai hartan —eta, bestela ere, hortxe dago Lola erraldoiaren bertsioa, zuzeneko elepea amaitzeko—. Estudioko albumak, bestalde, asko du errepidearen bizitzaren inguruko hausnarketarena (Sitting in My Hotel edo Motorway eta Dave Daviesen You Don’t Know My Name), eta, jakina, famaren eta artista-ametsen ingurukoa: ez alferrik Celluloid Heroes-en diskoa da hau, beste kanta triste HANDI horietakoa.

'Word of Mouth'

Arista, 1984.

The Kinks / 'Word of Mouth'

 

1980ko hamarkadan nolabaiteko berpizkundea bizi izan zuen taldeak: aurrekoaren amaieran, talde zahar askok bezala, mastodontismo zantzuak erakusten hasi zen, baina, beste batzuei ez bezala, punkak eta new waveak mesede egin zien: azken finean zer egin zuten The Jam edo Elvis Costello gisakoek, beren musikarekin (eta hitzekin), The Kinks aldarrikatzea baino (besteak beste)? Low Budget elepetik aurrera (1979) oinarrietara itzuli, melodiak eta instrumentazioa sinplifikatu, eta testuinguru berrian ondo txertatzen asmatu zuten; Ray Daviesek berak erromantze ekaiztsu bat bizi izan zuen labealdi berriko izarretako batekin, Chrissie Hynderekin (The Kinksen Stop Your Sobbing bertsionatu zuena The Pretendersen lehen albumean). The Kinks single salduenen lehen postuetara itzuli ziren, aspaldiko partez, 1982ko Come Dancing abesti argiki revivalistarekin. Hamarkada horretako disko luze biribilena, edonola ere, Word of Mouth da niretzat, Do it Again asmo-adierazpen indartsuarekin abiatzen dena: «Eta orain hasi ginen lekura itzuli gara. / Bagoaz berriz ere. / Egunez egun jaiki, eta esaten dut: / Hobe dut berriz egitea». Soinu gitarreroagoa, zuzenagoa gailentzen da, azkenekoalbumetan bezala, baina horietan baino gorabehera gutxiagorekin: apenas dago bete-lanik, eta kanta gehienek funtzionatzen dute: Good Day berriro revivalistak (elepe honetako Come Dancing, nolabait, baina hobea nire ustez), Living on a Thin Line epikoak, Massive Reductions sozialak (thatcherismo betean gaudela gogorarazten diguna) edo Summer’s Gone kementsu bezain tristeak —kontraste horiek gustatzen zaizkio Ray Daviesi—. Begizta moduan jartzeko album ahaztu samar bat.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.