The man in black-en esanahia, euskaraz,«beltzez jantzitako gizona» da, eta musikari konkretu bati egiten dio erreferentzia, hau da, Johnny Cashi. Egia esan, Cashek berak bere buruari ezarritako izena izan zen hori, izen bereko abesti bat ere sortu zuelarik.
Zaila da Johnny Cash musikari handiaren biografia lerrotxo hauetan azaltzea: esperientzia izateaz gain eta disko asko kaleratzeaz gain, bere bizitza, bere pentsaera sozio-politikoa —Jimmy Carterren lagun mina izan zen, pentsa— eta abar oso biziak izan baitziren. Adibide modura, kartzelan zeudenekiko enpatia handia sentitzen zuen, eta kartzela batean eta beste batean kontzertuak eman zituen.
Nire ikuspuntu apaletik, haren garai konkretu bat islatzen duten diskoek niretzat zer esanahi duten adierazi nahi dut; tamalez, aipatzekoak diren beste hainbat datu ezin izango ditut hemen idatzi, testua oso luzea izango litzatekeelako.
Lehenik eta behin, garbi izan behar dugu Johnny Cash(1932-2003) countryaz maiteminduta zegoela, nahiz eta bere hasierako abestietan rockabillya, gospela, eta abar ere landu zituen.
Zuzeneko kontzertu agendari eutsi ahal izateko, anfetaminen adikzioan erori zen, eta behin baino gehiagotan senda-etxe konkretuetan egonaldiak egin zituen.
Ikusten duzuen bezala, beltzez jantzitako gizonak bizitza ere beltza izan zuen. Iluntasun horretatik ateratzeko borondatea bere musan —eta emaztean— aurkitu nahi izan zuen. Emakume hori June Carter izan zen, urte askoan Johnnyrekin batera abesten zuelarik agertoki gainean.
Hainbat lekutan informazioa bilatu nahian ibili naiz, Johnny Cash beltzez zergatik janzten zen jakiteko. Eta aurkitu dut erantzuna: berak enpatia handia sentitzen zuen bizitza iluna bizitzen zutenenganako: jadanik euren zigorra beteta zeukaten kartzeletako presoak, kalean ikusten zituen behartsuak eta abar.
Pertsonaia ilun horien guztien ahotsa izan nahi zuen intuizioa daukat. Berak ere ez zuen bizitza erraza izan; beltzez janztea berak estimatzen zituen pertsonak estetikoki omentzeko egiten zuen. Kontuan izan bere interes soziala zein indartsua zen, erreflexionatu ez ezik garai hartako presidente politikoekin ere hartu-emanak izan baitzituen. Datu hori niri txundigarria iruditzen zait.
Ni, batzuetan, beltz edota ilun sentitzen naiz, eta Johnny Cash-en diskoak entzutera jotzen dut. Disko asko gomenda ditzaket, baina niri Johnny Cashen garai eklektikoena gustatzen zait: mota desberdinetako musikarien bertsio biluziak abestu zitueneko garaia. Bat aukeratzekotan American Recordings IV: The Man Comes Around azpimarratu nahi nuke. Eguberrietako argiei begira, bakardadean, ondo sentitzeko errezeta bikaina.
MUSIKA. A cappella. Saioa
'The Man in Black'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu