Musika

The Prodigy izango da BBK Live jaialdiko hirugarren kartelburua

Ingelesez gain, Dawes, Skaters, Parquet Courts eta Eskean Kristö taldeak ere jaialdian izango direla aurreratu dute antolatzaileek.

Inigo Astiz
2014ko martxoaren 19a
08:24
Entzun

Bi kartel buru aurreratuta zituzten jadanik: Franz Ferdinand bata, eta The Black Keys bestea. Eta orain hirugarrena aurreratu dute BBK Live jaialdiko antolatzaileek: The Prodigy. Eta, beraz, horiek oraingoz, uztailaren 10, 11 eta 12an Kobeta mendiko oholtzan izango diren izen nagusiak. Baina aurreratu dituzte bertan izango diren artista gehiagoren izenak ere. Dawes,  Skaters, Parquet Courts eta Eskean Kristö taldeen presentzia ere konfirmatu dute antolatzaileek. Hemen klik eginda kontsulta daitezke orain arte baieztatuta dauden kontzertu guztiak eta sarreren prezioak.

Pisuzko izena da The Prodigyrena elektronikan, baina baita alor horretatik kanpo ere. 1990ean sortu zuen taldea Liam Howlettek Braintreen (Inglaterra) eta mundu osoan izan da groztik. Rave-a, hardcore technoa, eta industrial metal estiloak nahasi, eta punk jarrera uztartzen ditu taldeak. “How to steal a Jetfighter” diskoa da kaleratu duten estudioko azken lana, baina beren ibilbideko klasikoak ere eskainiko ditu Kobeta mendiko emanaldian.

AEBetako folk-rock laukotea da Dawes, eta hiru disko ditu kalean. “Stories Don't End” da azkena, eta bi saio eskainiko ditu BBK Live jaialdian. Beren diskoa eta kantak aurkezten izango dira batetik, baina, gainera, Conor Oberst musikariaren laguntzaile gisa ere arituko dira.

[youtube]http://youtu.be/zUWu8Ny36dc[/youtube]

Skaters taldea ere izango da BBK Live jaialdian. “Manhattan” izeneko diskoa da rock laukoteak kaleratu  duen lehena, baina oihartzun handia jaso du, jaialdiko antolatzaileek azaldu dutenez. Eta Parquet Courts laukotea ere izango da Kobeta mendiko oholtzan. “Tally All the Things You Broke” deitu dute beren azken lana, eta post punk estiloa egiten dute.

[youtube]http://youtu.be/GCA3XqiODf8[/youtube]

Eskean Kristö Euskal Herriko taldea ere izango da oholtzan Kobetamendin. Hala aurkezten dute beren musika taldearen bandcamp orrian: “Musika kontuetan 70eko hamarkadako rock&rollaren urrezko sasoi hartara jotzen dute eta orduko taldeak dituzte gidari”.

[youtube]http://youtu.be/ydpZL889-Pc[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.