Hollywoodeko akademiak asteburuon emango ditu 83. Oscar sariak. Euskal Herrian asteleheneko 02:00 inguruan direnean hasiko da gala, eta orduan jakinaraziko dituzte film eta aktore irabazleen izenak. Orduan argituko da, halaber, kinielek asmatu edo huts egin duten. Hamar lan daude film onenaren atalean lehian, eta azken boladan badirudi biren izenak nabarmendu direla besteen gainetik: David Fincherren The Social Network eta Darren Aronofoskyren Black Swan. Lehena Urrezko Globoetako garaile eztabaidaezina izan zen, eta horrek zuzenean bihurtu zuen Oscarretarako faborito. Aronofoskyren lanak, bestalde, laudorio andana jaso du Mostra ireki zuenetik gaurdaino.
Nolanahi ere, film biek lehiakide zorrotzak izango dituzte. Tom Hooperren The King's Speech, Danny Boyleren 127 Hours, Ethan eta Joel Coenen True Grit, Debra Graniken Winter's bone, David O. Russellen The Fighter, a Real Tale of Misery, Lee Unkrichen Toy Story 3 eta Lisa Cholodenkoren The Kids are all Right dira gainerako hautagaiak.
Horrez gain, zuzendari onenaren Oscarra irabazteko hautagaiak bost dira: David Fincher, Tom Hooper, Darren Aronofosky, David O. Russell eta Coen anaiak.
Emakumezko aktore onenen artean, Natalie Portmanen izena ageri da kiniela gehienen lehen postuan, Black Swan-engatik. Annette Bening (The Kids are all Right), Jennifer Lawrence (Winter's bone), Michelle Williams (Blue Valentine) eta Nicole Kidmanekin (Rabbit Hole) lehiatuko da. Gizonezkoetan, Javier Bardem (Biutiful), Colin Firth (The King's Speech), Jesse Eisenberg (The Social Network), James Franco (127 Hours) eta Jeff Bridges (True Grit) daude izendatuak.
'The Social Network' eta 'Black Swan' Oscarretarako faborito
Asteburuon emango dituzte sariak, eta 'True Grit', '127 Hours' eta 'The King's Speech' filmak ere lehian daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu