HILBERRIA. Terry Hall

The Specials taldearen ahotsa

BERRIA.
mikel lizarralde
2022ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Hiruzpalau urtetan, The Specials musika taldea Erresuma Batuko langile klaseetan mamituz joan zen egonezinaren eta borroka gogoaren bozeramaile garrantzitsuenetakoa izan zen. Punkaren eta new wave-aren eraginpean, taldeak ska mugimendua gidatu zuen —Madness eta The Selecterrekin batera—, Jamaikako doinuak bere eremura eramanez, eta belaunaldi bati ahotsa emanez. Terry Hall, taldeko abeslaria izan zena,herenegun hil zen, 63 urterekin.

Hall (Coventry, 1959) The Specials sortu eta berehala batu zen taldera, 1977an. Rock Against Racism mugimenduaren parte izan zen banda, eta The Clashekin bira bat ere egin zuen urte berean, Gangsters singlea (1979) argitaratu aurretik. Urte hartan bertan kaleratu zuen taldeak bere lehenengo disko luzea, gerora klasiko bilakatu diren kantu ugari biltzen zituena: A Message To You Rudy, Doesn't Make It Alright —Kortatu taldeak zuzeneko emanaldietan gaztelaniaz abesten zuena—, (Dawning of A) New Era eta beste...

More Specials (1980) diskoa argitaratu ostean, 1981ean taldeak bere kanturik ezagunenetakoa atera zuen single gisa: Ghost Town. Jerry Dammers taldeko kideak idatzitako pieza horrek Ingalaterraren dekadentziaz, langabeziaz eta gazteen bazterkeriaz hitz egiten zuen, eta berehala bihurtu zen gazteriaren erreferente, batik bat urte hartan bertan arrazakeriaren aurkako protestak Erresuma Batu osora zabaldu zirenean. Kantu horren arrakastak iritzi kontrajarriak eragiten zizkion Halli: «Arraroa egiten da atzeraldian eta desolazioan inspiratutako abesti batengatik sariak jasotzea».

Ghost Town-ek oihartzun handia lortu zuen, baina urte berean Hallek eta The Specialseko beste kide batzuek taldea uztea erabaki zuten. Ondoren, Fun Boy Three sortu zuen kantariak, eta, geroago, The Colourfield. Beste hainbat proiektutan ere ibili zen Hall, eta 1994an bakarkako bideari ere ekin zion. 2008tik aurrera, gainera, The Specials taldea berriro elkartu zuten, eta, lehendabizi zuzenean besterik aritu ez baziren ere, 2019an disko berri bat argitaratu zuten: Encore. Joan den urtean, berriz, XX. mendeko zenbait protesta kantu berreskuratu zituzten Protest Songs 19242012 diskoan.

Jarraitzaile ugari zituen Hallek, eta, esaterako, Elvis Costellok adierazi zuen haren ahotsa «The Specialsen benetako eta beharrezko abestietarako tresna ezin hobea» zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.