Filma hautatzeko arrazoia.
Terrence Malicken pelikulak oso gustuko ditut, eta honen trailerra oso iradokitzailea iruditu zitzaidan. Beharbada, emango dute gero filma hemengo aretoetan, baina nahiago izan dut aukera hau baliatu. Zinemaldiak ematen du aukera gero eta zailagoa den zerbait egiteko: filmak pantaila handian ikusteko.
Aurreikuspenak bete ditu?
Bai. Hitz batekin deskribatzeko, ederra iruditu zait. Ederra bisualki, baina baita beste zentzu askotan ere. Airean bezala irten naiz aretotik. Pelikula bera ere halaxe doa une askotan, steady-cam-arekin dagoelako grabatua.
Nabarmentzeko zerbait.
Malicken pelikuletan argazkia oso deigarria da beti, oso polita, eta musika ere oso ondo aukeratutakoa. Aktoreen lanaren aldetik ere badu berezko estilo bat, estilo neutro moduko batean lan egiten dute aktoreek. Hori guztia ez zait harrigarria egin, banekielako lehendik. Baina harritu nau muntatzeak. Pelikula luzea da, eta batzuei geldoa irudituko zaie, baina kontatzen duenerako oso erritmo bitxia dauka, berezia. Kredituetan ikusi dut bost editorek egin dutela muntaketa.
Akatsik topatzekotan...
Pertsonaia gehientsuenak desertuan daudeneko sekuentzia pixka bat laburragoa izango balitz hobe litzatekeela uste dut. Baina, izatekotan ere, oso akats txikia da.
Gogoan gordetako sekuentzia.
Albiste txar bat jasotzen dute filmaren hasieran, eta asko gustatu zait hori nola dagoen kontatua. Umea jaiotzen den unekoa ere oso polita iruditu zait. Justu pelikularen une zehatz batean gertatzen da, eta ordura arte ikusitakoaren ondoren hori ikusita jabetzen zara detaile txikiek zenbat markatzen duten pelikula bat.
Nori gomendatuko zenioke.
Lagun batek esan dit ez zaiola batere gustatu. Hedabideetan jaso dituen kritiken artean ere, ez dira denak oso aldekoak izan. Ikusi beharrekoa iruditzen zait.
Donostiako 59. Zinemaldia. Sei gomendio, sei iritzi. Jon Garaño. Zinemagilea
'The Tree of Life'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu