Ez dira, oihartzunari dagokionez behinik behin, talde handiak;musika independente jaialdi ospetsuetan talde nagusi izaten direnak. Baina indie musikaren zaleen artean lekutxo bat aurkitu dute, horietako batzuek disko bakarrarekin bada ere. Donostikluba jaialdiak eremu horretan kokatzen diren hainbat talde bilduko ditu urriaren 4tik 6ra bitartean Donostian: Veronica Falls, The Wave Pictures, PegasVs, The Tallest ManOn Earth, House of Wolves, Daniel Martin Moore, La Casa Azul... Euskal Herriko ordezkariak ere izango dira jaialdian: McEnroe, Naica eta Anai Arrebak.
Jaialdia urriaren 4an hasiko da Gazteszena aretoan Naica, McEnroe eta Veronica Fallsekin. Naicak orain gutxi kaleratu du Fish Taco, popa, rocka eta elektronika uztartzen dituen estreinako diskoa, eta McEnroek doinu malenkoniatsuen jarraitzaileen babesa lortu du zarata handirik gabe. Las orillas da getxoztarren azkeneko lana.Veronica Falls Londresko taldeak, berriz, joan den urtean kaleratu zuen bere lehenengo diskoa, kutsu iluna duten pop harribitxizjositako lana.
Bigarren egunean, urriaren 5ean, The Wave Pictures talde ingelesari egokituko zaio talde nagusiaren lana. Jaialdian parte hartuko duen talderik beteranoena izango da, ez alferrik 1998tik darama jotzen, nahiz eta azkeneko lau urteotan lortu duen bere pop ia amateurra jendearengana iristea. Hamaika disko kaleratu ditu taldeak, horietako azkena, Long Black Cars, aurten bertan. Pegasvs Bartzelonatik datorren bikotea da eta retro-pop elektronikoa lantzen du, eta Jero Romero, berriz, The Sunday Driverseko abeslaria izan da hamar urtez. Tachenko Zaragozako taldea El Niño Gusanoko bi kidek sortu zuten duela hamar urte, eta, orduz geroztik, popari eta melodiari eskaini dizkiete beren orduak. Guztiak Gazteszenan ariko dira.
Gau intimoa
Azkeneko egunerako, hilaren 6rako, bi agertoki izango ditu Donostiklubak. Gazteszenan dantzarako proposamenak bilduko dituzte, Swan Fyahbworeyren dancehall eta reggae doinuak, La Casa Azulen pop distiratsua, Anai Arrebak taldearenuztarketa heterodoxoa eta Reina Republicana popa.
Bestalde, Antzoki Zaharrean doinu intimoak izango dira nagusi The Tallest Man On Earth, House of Wolves eta Daniel Martin Moorerekin.The Tallest Man On Earth Kristian Matsson abeslari eta gitarrista suediarraren ezizena da eta dagoeneko Bob Dylani dion miresmena ezkutatzen ez duten hiru disko kaleratu ditu. House of Wolves Rey Villalobos estatubatuarraren folk-pop proiektua da, eta autoedizioaren bidez lehenengo diskoa (Fold in the Wind) kaleratu ostean, orain gutxi Moonpalace euskal zigiluak berrargitaratu du, oihartzun kritiko oso onarekin. Daniel Martin Moore, azkenik, country, folk eta gospel alorrean azkeneko urteotan sortu den ahots interesgarrienetako bat da.
The Wave Pictures eta The Tallest Man On Earth ariko dira Donostikluba jaialdian
Hamabost artista izango dira urriaren 4tik 6ra Donostian egingo den musika festibalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu