Azkena Rock

The Who badira nor

Berealdiko kontzertua eskaini zuen Roger Daltrey eta Pete Townshend musikarien taldeak Mendizabalan, rockaren unibertsoan duen lehentasunezko tokiari ohore eginda. 

Pete Townshend The Who taldeko gitarra jolea, atzo Gasteizen eskainitako kontzertuan. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE
Ivan Santamaria.
2016ko ekainaren 19a
12:10
Entzun

Une garrantzitsuen tankera zuen momentuak. 18.000 ikusle zain, asko urduri, gaueko hamaikak noiz jo. Agertoki nagusian lurretik sabaiaraino zihoan pantaila erraldoi bat une batetik bestera agertorkira aterako zen talde mitiko baten irudiak eskaintzen, publikoa berotzeko. Itxaronaldiak ez zuen luze jo. Iragarritako ordura iritsi baino apur bat lehenago agertu ziren Mendizabalan The Who talde historikotik bizirik geratzen diren bi musikariak. Ondoren ordu eta erdiz gertatuko zena zuzenean sartu da Azkena Rock jaialdiaren mitologiara. Musikaren historian zergatik duten ohorezko leku bat argi utzi zuten Roger Daltrey eta Pete Townshend musikariek. Beterano batzuk inoiz Mendizabalan eman duten kontzertu borobilena izan zen, eta talde gazte askok nahiko luketen indarra eta grina oraindik badutela agerian utzi zuten.

Emanaldi on bat egiteko lehengaia abestiak dira. Eta horietatik sobera ditu The Whok publikoa emozionatzeko. My Generation diskoaren I Can't Explain kantuak ireki zuen bidea. Aurretik, musikarien agur txiki bat, eta Roger Daltreyren aipamena Espainiako selekzioari, "munduko onena" zela esanez. Baina hitzetan bainoago abestietan zegoen emanaldiaren mamia. Jarraian joan ziren Substitute eta Who are you antologikoak, bigarrenean Daltreyk ere gitarra bat hartuta. Taldearen 50. urtemuga ospatzeko hit bilduma bat agertokira eramatea erabaki zuen The Whok iaz, eta Gasteizkoa bira horren luzapena zen.

Berriro taldearen hasierako garaietara begira jarri ziren Daltrey eta Townshend. Publikoan jende gaztea ikusteaz pozik agertu zen daltrey, eta The Kids are Allright eskaini zien haiei, atzean pantailak Lambretta motorrak eta mod gazteak erakusten zituen bitartean. Zeremonia-maisu lekua hartu zuen Townshendek ondoren. Leporaino zegoen Mendizabalako kontzertu gunera begiratu, eta atze-atzean zeudenei ere ikusten zituela adierazi zien, I Can See for Miles abestiari ekin baino lehen. Abesti ezagunen segidak publikoa aztoratuta zuen ordurako, eta gora egin zuen My Generation jotzeari ekin ziotenean.

Pantailan begi urdin erraldoi bat agertzea izan zen Behind Blue Eyes abestia zetorren aurrerapena. Kantuaren hasiera lasaiak gerora erritmoa aldatu eta etorriko zen rock zaparradarako bidea eman zuen. Sekulakoa. Townshendek gogotik astintzen zuen Rickenbaker gitarra, eskua errota baten antzera mugituz, haren marka ezagun bihurtu den plantan. Taldearen alderik jostagarriena iritsiko zen gero, Join Together eta You Better You Bet abestiekin. Daltreyk ahotsa ez duela galdu erakutsi zuen bietan, eta publikoa animatu zuen behin eta berriro kantatzen laguntzeko.

Rock operen garaia

Kontzertuaren erdira iritsita, soinu erregistroa aldatzeko unea iritsi zen. Taldeak idatzi zituen bi rock-opera handiei errepasoa emateko ordua zen. Quadrophenia-rekin abiatu ziren, disko bikoitzeko hiru kantaren segida batekin. Daltreyren abeslari lekua hartu, eta gitarra akustiko batekin lagunduta ekin zion Pete Townshendek I'm One hunkigarria kantatzeari. Ez zegoen meniarik eta segituan ekin zioten 5:15 mugitua jotzeari, berriro ere Daltrey ahotsarekin eta Townshend gitarrarekin luzitzeko. Hirukotea osatu zuten Love, Reign O'er Me ikaragarri batekin. Euri pixkat botatzen hasi zen orduan. Bost axola. Ez zuen inor mugiaraziko.

Beste hiru kanturekin omenduko zuten Tommy diskoa baita ere. Amazing Journey abestiarekin ireki zuten bidea, eta segituan Sparks kantuari ekin zioten. Bi pandereta elkar astinduta txinpartak atera zizkien Roger Daltrey abeslariak abesti horretan. Beste klasiko baten ordua zen: Pinball Wizard. Townshendek kontatu izan du The Guardian egunkariko kritiko bati Tommy erakutsi eta single bat falta zitzaiola aurpegiratu ziola. Ernegatuta etxera bueltatu eta arratsalde batean idatziko zuen musikariak Pinball Wizard, taldearen ereserki ezagunenetako bat bihurtuko zena. See me, feel me kantuak osatu zuen rock operaren oroitzapena.

Gutxi falta zen kontzertua amaitzeko, baina patrikan beste bi ukalbikada gordeta zeukan The Whok. Organoaren marimba soinu errepikakor ezagunak martxan jarri zuen Baba O'Riley. Publikoaren zoramenaren erdian azken ahalegin bat egin zuen taldeak, energiaz betetako Won't Get Fooled Again abestiarekin amaitzeko. Erauntsia amaituta, taldekideak aurkezteko -tartean Pete Townshenden anaia, Simon- denbora hartu zuten Daltreyk eta Townshendek. Esker onarekin eman zuten agurra. "Izan zoriontsu, izan osasuntsu", bota zuen Daltreyk agertokitik. Townshendek jarri zion amaiera emanaldiari. "Irail arte ez dugu berriro emanaldirik emango. Benetako plazerra izan da zuekin biraren parte hau amaitzea". Airean, euforia sentimendu kolektiboa eta kontzertu gogoangarri bat ikusi izanaren sentsazioa geratu ziren.

Refused, indartsu

Arreta guztia The Whoren emanaldian jarrita zegoen, baina askoz gehiago ere eskaini zuen Azkena jaialdiak bigarren jardunaldian. Ez zen erraza Londresko talde legendarioaren ondoren agertokira azaltzea, baina Refused suediarrek enbidoari eutsi zioten, ondoen egiten dakitenari fidel izanda: bolumena, egurra eta hardcore-punk misil andana. Punkaren historian disko oso berezia da The Shape of Punk to Come eta ekoizpen horretako kantuekin luzitu ziren. Aipatzekoa da Denis Lyxzen abeslariak emanaldian jarritako gorpuza eta arima. Une bat bera ere mugitzen gelditu gabe, dantzan eta saltoka, ahotsean indarra galdu gabe.

Soinu boteretsua eskaini zuten Worm of Senses / Faculties of the School edo Refused are Fucking dead bezalako abestietan. Azken horretan tarte bat hartu zuen Lyxzenek azaltzeko taldea banatu ondoren egindako promesa -inoiz berriro ez zutela elkarrekin joko- zergatik izan zen tontakeria bat. Beste hitzaldi batean abeslariak zalantzan jarri zuen nola den posible halako rock jaialdi handi batean soilik hiru emakume egotea, eta sexismoari buelta ematea gizonen lanaere badela ohartarazi zuen, publikoa saltoka jarri baino lehen New Noise kantuaren doinuekin.

Jardunaldi luzeak beste une interesgarri asko utzi zituen. Cobra bizkaitarren indarra, The Vintage Caravan islandiarren gaztetasun eta hard rock klasiko freskoa, edo Radio Birdman australiar beteranoen erritmo bizia. Iggy and The Stoogesen TV Eye kantuaren bertsio bat ere utzi zuen Radio Birdmanek. Agertoki nagusia bete zuen bere rockabilly doinu estimagarriekin Imelda May irlandarrak, zeinen ona den bizirik segitzea aldarrikatuta. Bigarren jardunaldiko eta jaialdiko itxiera Supersuckers taldeak jarri zuen. Arizonakoak ohi duten trinkotasunarekin eta minbiziari irabazi dion Eddie Spaghetti abeslariaren ironiarekin aritu ziren. Amaitu da aurtengo Azkena Rock, historiako hamabosgarrena. Musika gehiagoren gogoz geratu ziren guztientzat urtebeteko itxaronaldia hasi da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.