Musika

The Who talde mitikoa, Azkena Rockeko plater nagusi

Gasteizko Mendizabala gunean ariko da talde ingelesa, ekainaren erdialdera, bere ibilbidearen 50. urteurrena ospatuz

Roger Daltrey ta Pete Tonshend, iaz emaniko kontzertu batean, 50. urteurrenaren bira. THE GUARDIAN.
gorka erostarbe leunda
2016ko martxoaren 15a
15:35
Entzun

Ekainaren 17 eta 18an egingo da aurtengo Azkena Rock jaialdia, Gasteizko Mendizabala gunean; horietako batean ariko da The Who rock talde legendazkoa, baina oraindik antolatzaileek ez dute zehaztu zein egunetan izango den. Interneteko foroetan bazebilen zurrumurrua azken egunotan eta gaur baieztatu du albistea rock jaialdia antolatzen duen Last Tour musika promotorak.

1964an sortu zen taldea, Londresen. 2014ko urtearen amaieran The Who Hits 50! diskoa plazaratu zuen taldeak, euren ibilbideko 50. urteurrena ospatzeko asmoz. Disko horren birari segika iritsiko da taldea Gasteiza, eta jakinmin handia piztu du. Roger Daltrey gitarra jotzaileak eta Pete Tonshend gitarra jotzaileak, taldearen sortzaileak, 70 urtetik gora dituzte baina zuzenekoetan sasoiko agertzen direla azaldu dute azken kronikek.

The Detours izenarekin hasi zuten musika ibilbidea; ondoren High Numbers izena ere izan zuten baina arrakasta izatearen hastearekin batera aukeratu zuten The Who izena Roger Daltrey, Pete Townshend, John Entwistle eta Keith Moonek.

1960ko hamarkadaren erdialdean, The Beatles eta Rolling Stones taldeen itzalean rock gogorreko hainbat single argitaratu zituzten, My Generation ezaguna tartean. Hiru disko argitaratu zituzten 1968 aurretik, geroz eta ospea handiagoa lortuz. Dena den, euren zuzenekoak ziren ikuslegoa erabat txunditurik uzten zutenak; ia saio guztien amaieran euren instrumentuak, eta batez ere Townshendek bere gitarra, suntsitzeari ekiten zioten.

[Youtube]https://youtu.be/594WLzzb3JI[/Youtube]

1969an Tommy disko bikoitza argitaratu zuten, askok lehen rock operatzat hartzen dutena. 74 minutu eta 24 abestitan Tommy mutiko itsu, gor eta mutuaren istorioa kontatzen da, opera moduko baten formatuan. Diskoak sekulako arrakasta izan zuen mundu mailan, eta The Who momentuko talde garrantzitsuenetarikoa izatera pasa zen. Zuzeneko asko eman zituzten disko hori aurkeztuz, eta laudorio ugari jaso ere bai.

1971an itzuli zen taldea grabaketa lanetara, eta ondorengo urteetan beste bi disko garrantzitsu argitaratu zituzten, Who's Next eta Quadrophenia. Bigarren hau ere rock opera bat da, eta Tommyren antzera gazte baten gorabeherak kontatzen ditu.

The Who By Numbers (1975) eta Who Are You (1978) diskoen ondoren, 1978an, Keith Moon bateria jotzailea sobredosi batek jota hilik aurkitu zuten. Bere heriotzaren ondoren taldeak gora behera askorekin aurrera jarraitu zuen disko berriak argitaratuz, baina ez ziren 1970. hamarkada hasierako diskoen mailako beretsukoak. 2002an Entwistle hil zen, eta ordudanik Roger Daltrey eta Pete Townshend dira taldean ofizialki geratzen diren bakarrak. Maiz egiten dituzte birak, taula gainean beste musikari batzuen laguntza jasoz.

2007ko maiatzaren 19an lehen aldiz Euskal Herrian jo zuen The Whok, Barakaldoko BECen, hain zuzen ere.

[Youtube]https://youtu.be/tMDkJTPIvdo[/Youtube]

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.