Zinema

‘The Works and Days’ filma saritu du Ikuspuntu jaialdiak

C.W. Winterren eta Anders Edstromen lanari eman dio 15. edizioko epaimahaiak Film Onenaren Sari Nagusia. Zuzendari onenaren garaikurra, berriz, Morgan Quaintancek eraman du, Surviving you, always filmagatik. Eta Jayne Parkerren Amaryllis-A study-rentzat izan da Film labur Onenaren saria.

'The Works and Days (of Tayoko Shiojiri in the Shiotani Basin)' filmaren fotograma bat. IKUSPUNTU JAIALDIA
Ainhoa Sarasola.
2021eko martxoaren 20a
20:12
Entzun

Amaitu da Iruñeko Ikuspuntu festibalaren 15. aldia. Orotara, 31 film izan dira lehian Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiko kategoria ezberdinetan, eta horietako saridunak zein diren jakitera eman dute iluntzean. Nicole Brenezek, James Lattimerrek eta Antoine Thirionek osatu dute aurten epaimahaia, eta, Sail Ofizialeko lan guztiak ikusi ondoren, erabaki dute C.W. Winterren eta Anders Edstromen The Works and Days (of Tayoko Shiojiri in the Shiotani Basin) lanari ematea Film Onenaren Sari Nagusia. «Film monumentala da, baina oso apala», epaimahaikideen ustez. Azaldu dutenez, filmaren erdian emakume bat dago, «oroitzapen askok bisitatzen dutena»; etxe bat ere badago, pertsona askok bisitatzen dutena; soro bat ere bada, emakumeak zaintzen duena; eta bada paisaia bat ere, zeinaren irudiak eta soinuak biltzen dituen filmak, urtaroz urtaro. «Lurralde nekaezin hori landuz, emakume honek eta filmak mundu bat sortzen dute, eta mundu hau egun batez bildutako publikoaren buruan loratzen da. Jendea urruntzen duten garai hauetan, film honek borrokan jarraitzen du pertsonen eta bizi garen munduaren arteko lotura mantentzeko ahaleginean». Egileek 10.000 euro ere jasoko dituzte.

Zuzendari Onenaren Jean Vigo saria, berriz, Morgan Quaintancek eraman du, Surviving you, always filmagatik. Epaimahaiak adierazi duenez, «elementu desberdin ugari biltzen dituen filma da, misteriotsua eta guztiz berezia, paraleloan doazen argazkietan, zeluloidean, musikan eta bi testuetan oinarritzen dena, eta, aldi berean, norabide desberdinetan jotzeko beldurrik ez dutenak, gorputza eta burua disoziatzen dituen droga-bidaia bat balitz bezala, hormen barruan bihurritzen den suge bat bezala». Egileak 5.000 euro jasoko ditu.

Sail Ofizialean, halaber, Jayne Parkerren Amaryllis-A study-rentzat izan da Film labur Onenaren saria, 3.000 eurorekin lagunduta doana. Zuzendari batek inguruko errealitateaz eman dezakeen ikuspuntu gisa deskribatu du filma epaimahaiak. «2020. Laino toxikoek, birusek eta bidegabekeriek Lurra planeta itotzen dute, atrofiatu egiten da, eta gure begien aurrean eraisten da. Zer egin dezake zinemak? Bizitzaren distira gorde dezake, eta bere zilar erdian baltsamatu, keinu beharrezko bezain dotore horrengatik; edertasuna politikoa da».

Sari bereziak

Bi aipamen berezi ere banatu ditu epaimahaiak: Pablo Alvarez Mesaren Bicentenario lanari egin dio aitortza film luze onenaren kategorian —«bidaia espazial eta espiritual argitsua [da]»—; eta Simon Liuren Signal 8 lanari, berriz, film labur onenaren kategorian —«Hong Kongeko zeluloidezko ikuspen distiratsua [da]»—.

Beste hainbat saridun ere utzi ditu jaialdiak. Publikoaren Sari Berezia Film Onenari Jorge Moneo Quintanaren In Ictu Oculi (begiak hesteko artean) lanarentzat izan da, eta Gazteen Saria Film Onenari, berriz, Mouaad el Salemen This Day Won’t Last lanarentzat. Azken hori «bere zintzotasunagatik eta baliabide gutxirekin asko lortu duelako» hautatu du Gazteen Epaimahaiak.

Bestalde, X Films 2021 Proiektua Irati Gorostidiren San Simón 62 proposamenari ematea erabaki du deialdiko epaimahaiak —Marta Ponsak eta Ane Rodriguez Armendarizek osatua— , «lurraldearen intrahistoria ezezagun bat argitzeagatik, garai bateko iruditeria kolektiboa orainaldiko begiradatik hedatzen duena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.