Jazza bere bizitza dela azaldu du Toots Thielemansek. Oso gazterik «jazzaren birusarekin kutsatu» zela, Bruselan, bere auzoko disko dendako saltzaileari esker. «Disko hau entzun behar duzu, Jean», esan zion emakume hark 19 urteko gazteari 1941ean, eta Louis Amstrongen lan bat jarri zion esku artean. Fonografo zahar baten bidez entzun zituen doinu haiek lehen aldiz, bi abestiro orratza aldatuz, eta liluratuta utzi zuten. Harmonika aukeratu, eta bere bideari ekin zion gazte hark. Jazz musikari handienekin jotzera iritsi zen gerora, eta handienetako bat izatera ere bai. Birus horren gaitzak jota jarraitzen du 89 urterekin musikari belgikarrak, eta, aldi berean, entzuleak txunditzen ahosoinuaz. Haren ibilbide oparoari aitortza egin diote Donostiako Jazzaldia sariarekin.
Oso hiztun eta umoretsu agertu zen musikaria kazetarien aurrean atzo goizean. Bazuen zer kontatua, baita hartarako gogoa ere. Aspaldiko pasadizoak ekarri zituen gogora, tartean jazz musikari handi batzuekin bizi izandakoak. Quincy Jones, Ray Charles,Ella Fitzgerald, Bill Evans, Benny Goodman, Miles Davis, Astrud Gilberto eta beste hainbatekin aritu zen. «Charlie Parkerrekin jo zutenen artean bizirik dagoen bakarra naiz!», azaldu zuen, harro. Haiengandik guztiengandik ikasitakoa nabarmendu zuen, eta egun ikasten jarraitzen duela. Orain hamar urte hildako Larry Adler eta herenegun Cassandra Wilsonekin aritu zen Gregoire Maret ahosoinu jotzaileak gustuko dituela ere esan zuen. Publikoarengana emozioen bidez iritsi behar dela garbi du artistak. «Badira hatzekin izugarri onak diren musikariak, baina bihotzean blokeatzen direnak». Bere buruaren eta musikaren definizio gisa, AEBetan bere herrian benetan nolako zen galdetzen ziotenean zer erantzuten zien gogora ekarri zuen: «Irribarrearen eta malkoaren artean dagoen espazio laburrean mugitzen naiz».
Irribarrea galdu gabe aritu zen uneoro hizketan, azalpenak abesti zatiak kantatuz osatuz, eta esker oneko azaldu zen Juan Karlos Izagirre alkatearen eskutik saria jaso zuenean. Bera saritzea Jazzaldiarentzat ohorea dela esan zuen Miguel Martin jaialdiko zuzendariak, egun berezko ezaugarriak dituen jazz europearrerako «bidea zabaldu» zuenetako bat delako. «Swing-a konkistatu zuten eta horri esker jazza; horren ondorioz dago Europan sormen maila handia. Guztiok zor diogu asko».
Blue note edo bluesaren notari Quincy Jonesek egiten zituen gogoeten harira, egun jazza edozein lekutan egin daitekeen arren, doinu haien erroak Afrikan eta Amerikan daudela ezin dela ahaztu uste du. Bere burua musikari afro-belgikar gisa definitu zuen. «Uste dut blues hizkuntzan mintzo naizela, belgikar azentuarekin».
«Ez dakit saria merezi dudan», esan zuen artistak, baina harrokeriarik gabe, Europan «jazzaren barrikadetan» egon zela aitortu zuen azkenean. Film batean ikusi zuelako aukeratu zuen harmonika, inguruko musikariek ez zutenean onartzen. «Jostailu bat zela esaten zidaten, musikari ona izan nintekeela eta botatzeko». Gitarra jotzen ikasi zuen orduan, baina harmonikara itzuli zen ondoren, haren ustez, «10.000 dolarreko stradivarius bat jotzeak ez baitzaitu musikari ona egiten».Bere herrialdean baroi izendatu eta lelo bat aukeratzeko eskatu ziotenean, «ni neu naiz, ez gehiago, ez gutxiago» hautatu zuen bere burua definitzeko. «Azken batean zaren bezalakoa zara, zu zeu izan behar zara», esan zuen Thielemansek; «Picasso edo Dizzy Gillespie ziren bezalakoak ziren, ezin zuten hobeak izan, ezta txarragoak ere».
Donostiako 26. Jazzaldia
Thielemans: «Blues hizkuntzan mintzo naiz, belgikar azentuaz»
Jazz musikari handienekin jo du harmonika belgikarrak, eta bere ibilbide osoari aitortza egin diote Donostiako Jazzaldia sariarekinEntzulearen bihotzera iristeko, artistak den bezalakoa izan behar duela aldarrikatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu