Martin McDonaghek zuzendutako Three Billboards Outside Ebbing, Missouri filma izan zen garaile nagusia atzo goizaldean Los Angelesen (AEB) banatutako Urrezko Globoen ekitaldian. Lau sari irabazi zituen, tartean film dramatiko onenarena. Besteak honako hauek izan ziren: emakumezko aktore onena drama batean (Frances McDormand), bigarren mailako aktorea (Sam Rockwell) eta gidoi onena (Martin McDonagh). Three Billboards Outside Ebbing, Missouri, baina, zuzendari onenaren saririk gabe gelditu zen, hori Guillermo del Tororentzat izan baitzen The Shape of Water-en egindako lanagatik. Zuzendari mexikarraren filma zen hautagaitza kopuru handiena zuena, baina bi sarirekin baino ez zuen amaitu ekitaldia. Zuzendari onenenarenaz gain, musika onenarena jaso zuen (Alexandre Desplat). Gizonezko aktore onenaren saria, berriz, Gary Oldmanentzat izan zen Darkest Hour filmagatik. Allison Janneyk jaso zuen bigarren mailako emakumezko aktore onenarena I, Tonya lanagatik.
Lady Bird izan zen garaile komedia atalean, eta film onenaren eta emakumezko aktore onenaren (Saoirse Roan) sariak irabazi zituen. Aktore onenarena, bestalde, James Francok jaso zuen The Disaster Artist filmagatik.
Telebistari dagokionez, The Handmaid's Tale, The Marvelous Mrs. Maisel eta Big Little Lies izan ziren garaile nagusiak.
Iragarria zegoen bezala, ekitaldia emakumeen kontrako jazarpenaren aurka aritzeko baliatu zuten andrazko ugarik —Nicole Kidmanek eta Barbra Streisandek, besteak beste—. Beltzez jantzita joan ziren, gainera, protesta gisa.
'Three Billboards Outside Ebbing, Missouri' garaile Urrezko Globoetan
Emakumeen kontrako jazarpenaren aurkako aldarrikapen ugari egin dituzte ekitaldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu