Tinitus
Tinitus: buruan edo belarrietan nabaritzen den soinu edo zarata gogaikarria.
Duela 3-4 urte gertatu zen. Kursaal zubia gurutzatzen nenbilela, Gisli Hafsteinsson argazkilari islandiarrarekin egin nuen topo.
- Kaixo, Gisli! Zer? Pelikularen bat ikustera?
- Ez. Ez zait zinema gustatzen.
Eta, Kaurismakiren pelikuletako pertsonaia baten moduan, isilik geratu zen. Eta ni izoztuta, deseroso, zer esan jakin gabe.
Argazkilari islandiarrarekin akordatzen naizenean jabetzen naiz zinema gustuko ez duen jende asko dagoela. Eta ez da soilik jende edadetua. Egungo gazte askori zinema ez zaio batere interesatzen. Duela ez hainbestera arte munduko gauzarik liluragarriena zenak gaur konpetentzia handia du: internet, bideo jokoak, sare sozialak... Honek zinema desagerraraziko du? Ez dut uste. Besterik gabe, ikusleak zinemara beranduago hurbilduko direla esan nahi du. Nerabezaroan ez duten interesa beranduago piztuko zaiela. Musika klasikoarekin gertatzen den gauza bera gertatzen ari da zinemarekin. Publikoa berritzen joaten da, baina berrikuntza hori adin batetik aurrera izaten da. Hala ere, gaur, atzo eta bihar,izango da, argazkilari islandiarraren kasuan bezala, zinema batere interesatzen zaionik.Telebistan gizon bati entzun nion, bera zineman behin bakarrik egona zela eta ez zuela zinemaren kontu hura ulertzen. Bi orduz, eserita, mugitu gabe, jendeari mezara joatea gustatu ez baina zinemara ederki asko joaten zela. Zinemarekin zalantzak egon badaude, baina iruditzen zait elizaren kasuan, behintzat, belaunaldi berritzeak ez duela itxura onik.
Lehendabiziko plano subkjektiboan, zinemak aste honetan gure bizitza kutsatzen duela aipatu nuen. Ez da egia. Gisa honetako beste egitasmo askorekin gertatzen den moduan, komunikabideak kutsatzen ditu, baina herritar gehienentzat zentzu handirik gabeko zarata bat besterik ez da. Astebete pasatxo irauten duen tinitusbat.
P.D. Banksy edo haren alter ego batek grafitia egin du parte zaharrean. Ez dadila alkatea enteratu. Orain arte grafitien aurkako talibana zenak,Banksy-ren grafitiaren alboan, Donostia 2016 logoa margotzeko kapaz da eta!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu